LITERATURA

Miren Asiainek Etxepare Saria eskuratu du

Etxepare sariek haur, gazte eta helduentzako literatura saritu zuten bi ediziotan, eta 2006tik aurrera, Etxepare haurrentzako albumak sortzeko beka bihurtu zen, euskaraz sortutako albumen produkzioa sustatzeko helburuarekin. Gero, 2009an Etxepare beka izateari utzi eta saria bilakatu zen. Horiek horrela, lehiatu diren albumak bukatuta aurkeztu dituzte lehiakideek.

Aurten, aurkeztutako egitasmoak 16 izan dira, eta horiexek epaitu behar izan dituzte Patxi Zubizarreta (idazlea), Iñaki Agirrezabal (idazlea), Mikel Valverde (ilustratzailea) eta Jon Zabaleta (ilustratzailea) adituek.

Guztien artean saria eskuratu duen egitasmoaren izenburua Hara! da, Arte Ederretan lizentziatua den Miren Asiainek (Iruñea 1988) egina.

Hara! magiaz beteriko kontakizuna da: teknika desberdinak abilki erabiliz eta maisuki nahastuz, nortasun bisual handiko album bat osatu du Mirenek, egunerokotasunetik abiatuta fantasiaren erresumara jauzi egiten duena. Protagonista haur bat da, amonak igerilekuan jasotzen duena, etxera laguntzen, berarekin zinemara joaten, erosketetara eramaten; baina amonak, aldi berean, mundu errealaren eta ametsezkoaren arteko giltza duela dirudi, eta haurrari lagunduko diola batetik bestera igarotzen.

6.000 euroko saria eskuratuko du egile nafarrak eta saritutako lana Pamiela argitaletxeak argitaratuko du euskaraz, 2012. urtean.

Aurten, epaimahaikideek erabaki dute Uxue Alberdi idazlearen eta Aitziber Akerreta ilustratzailearen Txikiak zaretenean lanari aipamen nabarmen eta berezia egitea, testu ausart eta itzulipurdikatzailea primeran islatua baitator ilustrazio bikain eta iradokitzaileetan.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button