BERTSOTAN

Arabako Bertsolari Txapelketako azken finalerdiak

Asteburuan jokatu ziren Aramaio eta Agurainen Arabako bertsolari txapelketako azken finalerdiak. Aramaion, Asier Otamendik irabazi zuen, eta Agurainen, Zigor Enbeitak. Zigoitian irabazle izan zen Manex Agirrerekin batera, hortaz, zuzenean sailkatu dira hiru bertsolariak apirilaren 2an Gasteizko printzipal antzokian ospatuko den finalera. Puntuazioari esker, berriz, Oihane Pereak, Iñaki Viñasprek, eta Ander Solozabalek osatuko dute finaleko seikotea.

Aramaioko saioa arina izan zen. Asier Otamendiren atzetik, Iñaki Viñaspre (332 puntu), Xabi Igoa (318,5 p.), Izar Mendiguren (311p.), Ekaitz Samaniego (311p.) eta Rikardo Gonzalez de Durana (288 p.) geratu ziren.

Agurainen ospatutako azken finalerdiak ezarri zuen finalerako langa. Olatz Bayer gai-jartzailearen esanetara Zigor Enbeita (319 p.), Ander Solozabal (318,5 p.), Ruben Sanchez (313,5 p.), Alberto Martinez Beitto (309,5 p.), Juan Mari Juaristi (309 p.), eta Unai Mendibil (303 p.) aritu ziren bertsotan.

Asier de la Fuente antolatzailearen esanetan, aurtengo Arabako Bertsolari Txapelketak harresiak gainditu ditu: “Publikoaren harrera itzela izan da, 120 lagunetik gora bildu dira saioetan. Txapelketa irekia izan da, horren ondorioz gazteak sartu dira, Solozabal esaterako. Jaialdi formatuan bertsolariek oso ondo erantzun dute”. Horren adibide da finaleko azken eserlekua ziurtatu duen Ander Solozabal eta Xabi Igoaren arteko berdinketa.
Txapela nork jantziko duen apirilaren 2an jakingo da. 

Joseba Zunzunegi argazkilariaren irudian, Zigor Enbeita eta Unai Mendibil ikus daitezke.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button