MUSIKA

Enkore taldeak iraupen luzeko estreinako lana plazaratu du

Enkore Bilboko Errekalde auzoko laukote gazteak Faktore Komunak izenburuko lana kaleratu du Baga Biga diskoetxearen laguntzarekin. Duela bi urte Gazte Maketa Lehiaketa irabazi ondoren, zaleak irrikan izan dira lan hau entzuteko. Aurretik bi EP eta single bat argitaratu zuten. Taldekideak gaur goizean aurkeztu dute diskoa Bilbon.

Aipaturiko Gazte Maketa Lehiaketa hori ez da bilbotarrek irabazi duten lehiaketa bakarra, Barakaldoko Pop Rock Lehiaketa 2010 edo Leioa Pop Rock 2011 ere irabazi baitituzte. Halere, Gazte irratiko lehiaketa izan da gaur aurkeztutako diskoa grabatzeko bultzada nagusia. “Diskoa grabatzera sartu ginenean, nolabait 2009. urtean taldea sortu genueneko ametsa bete da”, esan du Xabi Hoo abeslari eta gitarra jotzaileak. Izan ere, diskoak orain arteko ibilbidea jasotzen du. “Aurreko bi EPak Multiplo Komunetako Txikiena eta Zatikatzaile Komunetako Txikiena izenburuak zituzten; orain Faktore Komunak honekin aurreko bi lanak biltzen ditugu”, azaldu du abeslariak izenburua aipatuz.

Diskoaren bederatzi kantuak hardcore melodikoaren estiloan koka daitezke. Dena dela, beste estilo batzuen zertzeladak ere entzun daitezke grabazioan, hala nola, metal, dance edo pop ukituak. “Hardcore melodiko da gurea, baina ez horrela nahi dugulako, horrela ateratzen zaigulako, izan ere, lokalean modu nahikoa espontaneoan aritzen gara konposatzerakoan”, esan du. Berri Txarrak, Lisabö, Naiz Roxa, Kauta, Une edo Rage Against the Machine eta Bad Religion aipatu dituzte haien eraginen artean. “Nerabezaroan hardcore melodiko asko entzun dugu, orain denetarik entzuten dugun arren”.

Diskoa Bilboko Beardstudios-en grabatu dute Borja Muro eta Javi Peñaren laguntzarekin. “Biek ala biek asko lagundu digute”, esan du Xabik.
Diskoa grabatzerakoan ekoizle eta estudio handiak saihestu dituzte. “Nahi izan dugun erara egin dugu, melodiak gure erara enfokatu ditugu, eta ahots geruza asko sartu”, esan du Urtzi Iza gitarra jotzaileak. Diskoan Aiora Renteria (Zea Mays), Aitor Uriarteren (Latzen eta Une) eta Juanmi Laia musikarien kolaborazioak izan dituzte.

Enkore pixkana lan polita egiten ari da. Urratsez urrats geroz eta proposamen sendoagoa eta profesionalagoa erdiesten ari dira, musikari gazteak izan arren. “Asko ikasi dugu, eta emaitzak lortzen ari gara, guretzat taldea oso garrantzitsua da, eta ez gaude hemen denbora galtzeko”, berretsi du Xabik. Ostiralean Bilborock aretoan aurkeztuko Faktore Komunak lan berria. “Emanaldia propio prestatu dugu, kantuak bata bestearen atzerik joan daitezen, baina inprobisazioari ere lekua egingo diogu; pozik gaude gure hirian aurkeztuko dugulako lan hau”, esan du Urtzik.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button