LITERATURA

Garazi Arrula “Gu orduko hauek” liburuaz mintzatuko da Bilbon

Bihar, Bilboko Bira kultur gunean egin ohi den Hamburgo Platz literatur-saioan, 19:30etik aurrera, Garazi Arrula idazlea Gu orduko hauek liburuaz solastatuko da. Zortzi ipuinez osatua da Garazi Arrularen lehen liburua, eta azken ipuinak ematen dio izenburua obrari.

Hiru hitz, eta hiru kontzeptu edo ideia biltzen ditu liburuak: Gu pluraleko lehen pertsona da. Norbera parte den kolektiboa adierazten du, beraz. Atxikimendu sentimendu bat, eta, aldi berean, multzo horretan ez daudenekiko diferentzia. Ordukok distantzia dakar gogora, iragan den garaia; denborazko distantzia, nahitaez fisikoa, lekuzkoa ere badena. Hauek, berriz, erakusle hurbilena da; ingurukoak adierazten ditu, nahiz eta norbera ez den zaku horretako parte.  Hirurak elkarrekin jarriz gero, multzo bakarrean, bereizketa horiek guztiak ikusgarri egiten dira.

Horretaz gainera, asteon, bestelako ekitaldiak ere egingo dira Bira gunean: eguaztenean bertan, 12:00etan, Iratxe Fresneda zinegileak Irrintziaren oihartzunak aurkeztuko du; ostegunean, 20:30ean, Sutan taldeak kontzertua eskainiko du; eta, astea amaitzeko, ostiralean, 19:00etan, Asel Luzarraga Bioklik (Elkar) nobela berriaz mintzatuko da.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button