IKUS-ENTZUN

“Euskal Rock & Film” jaialdia egingo dute Oreretan

Hil honetan, musika eta zinema uztartzen dituen Euskal Rock & Film zikloa egingo dute Oreretako Niessen aretoan. Hala, hiru egunetan, bihar, hilak 26 eta 28, film eta kontzertuez gozatzeko parada izango da. Ekimena Eresbil eta Oarso Musikak ondu dute, besteak beste.

Bada, bihar, hilak 21, Niessen zine-aretoan, Kampsa, 20 años de sueños y escombros dokumentala pantailaratuko da, 19:30ean. Pasaia eta Donostia artean dagoen Kampsa etxe okupatua du ardatz, etxe hori 1992an okupatu zuten: “Musika eta irristailuak bat eginda daude istorio honetan”.

Urtarrilaren 26an, Emarock dokumentalaren txanda izango da, hori ere Niessen aretoan aurkeztuko da, 19:30ean. “Emarock emakume musikarien inguruan lan egiten duen proiektu bat da. Emakume musikariak agerian jartzeko, emakume musikariak dauden taldeak eta beraien lana ezagutzera emateko, neska gazteengan erreferenteak sortzeko, beste emakume batzuek musikan parte har ditzaten suspertzeko, emakumeak egindako musika esparru publikora zabaltzeko, emakume musikariekiko oraindik dauden zenbait pentsamendu apurtzeko”. Hala, orain arte, hainbat ekimen burutu dituzte: argazki liburu bat, kontzertuak, irratsaioak, dokumentala… Argazki-erakusketa, hain zuzen, Xenpelar etxean izango da ikusgai.

Azkenik, urtarrilaren 28an, Vilyland filma pantailaratuko da, Niessen aretoan, 19:15etik aurrera. Irungo Bloody Mary disko-dendak ekoitzia, binilozko diskoen mundua jorratzen du; hain zuzen, disko bildumazale baten gorabeherak kontatzen ditu. Pelikula, gainera, musikaz josia dator, eta Marcos Garcia zinegileak eta Mikel Insausti kazetariak zuzendu dute.
Egun horretan, gainera, Pettik saio akustiko txiki bat egingo du, aretoan bertan, eta, gauean, 21:00etatik aurrera, Vinylanders Set DJ’s arituko dira diskoak jartzen Xera tabernan.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button