MUSIKA

Guda Dantzak askotariko erritmo beltzak bildu ditu lan berrian

Guda Dantza banda gazteak Labarraren Ertzean izenburuko bigarren diskoa plazaratu du Baga Biga diskoetxearen bidez, eta Creative Commons lizentziapean. Bizkaitarrek gurean oso ezagunak diren ska-punk doinuak bestelako erritmo beltzekin nahastu dituzte, tartean, swing, funk edo soula. Estilo berrikuntza hori lortzeko, Ibon Larruzea teknikari eta ekoizlea, eta Akatz taldeko kidea, izan dute ondoan.

Gaur bertan aurkeztu du seikoteak bigarren lana. Ekitaldian sei taldekideek parte hartu dute. Hala, taldekideek adierazi dutenez, berrikuntza prozesu baten zatia izan da diskoa, estilo berriak sartzen saiatu baitira. “Horretan, Ibon Larruzearen eskua garrantzitsua izan da, bere ikuspuntua gehitu baitu”. Larruzea, hain zuzen, ekoizle aritu da prozesu guztian.

Arrisku horretatik tiraka sortu da diskoaren izenburua ere, Labarraren Ertzean. “Berrikuntza eta arriskua askotan eskutik helduta doazelako”, azaldu du Alaian Beraza abeslariak.

Berazaren esanetan, diskoak hiru esparru musikal biltzen ditu: “Musika beltza, Jamaika eta festa giroa”. Horrekin batera, bilaketa batean murgilduta daudela nabarmendu dute, “gure estiloa sortzen”, hortaz, bigarren disko hau bilaketa horretako beste pauso bat da.

Hitzei dagokienez, diskoaren lehenengo zatian askotariko gaiak biltzen dira, “eklektiko da”, maitasuna eta festa, besteak beste. Bigarren zatia, ordea, iraganari buruzko gogoeta da, eta bertako hitzak idazteko iturri literarioetatik edan dute. “Paradisu faltsua George Orwell-ek 1984 liburuan irudikatutako distopia erabili du, gaurko gizartearen nahiko antzekoa baita”, esan du Alainek. William Wilson kantuan, halaber, Edgar Allan Poe idazlearen ipuin bat erabili du taldeko kantariak. “Kontzientziaz hitz egiten duela iruditzen zait, eta kontzientzia baliagarria da iragana jorratzeko”.

Horrekin batera, webgune berria sareratu dute, bai eta Gogoan kantuaren bideoklipa ere. Diskoa ostiralean aurkeztuko dute zuzenean, Mungian.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button