MUSIKA

Calvin Johnson musikariak Selector Dub Narcotic proiektua aurkeztuko du Donostian

Calvin Johnson (1962, Olympia, Washington) AEB eszena underground independenteak eman duen musikari zintzoenetarikoa da. Bere irizpide independenteei ondo helduta, ibilbide musikal oparoa bezain interesgarria egin du, bai Beat Happening aitzindariekin, zein beste egitasmo batzuekin ere: Dub Narcotic Sound System, Halo Benders… Horretaz gainera, ekoizle, diskoetxe-sortzaile eta DJ ere aritu da.

Bada, bihar, Dabadaban izango da, 20:30ean, Selector Dub Narcotic proiektua aurkezteko. Ezizen horrekin, hain justu, This Party is just getting started izeneko diskoa plazaratu berri du. Grabazio horretan bakarrik aritu da, erritmo beltz dantzagarriak nahasten.

Fugaziko Ian MacKayeren pop bertsio gisa defini daiteke Johnson, izan ere, lehenengoak biziki maite du bigarrenaren obra eta jarrera. 80ko urteetan punk-rocka, eta batez ere hardcorea, puri-purian zeudenean, Johnsonek Beat Happening pop banda abiatu zuen. Hiru taldekideek ez zekiten jotzen, baina punk jarrera muturrera eramanez, instrumentuak hartu eta naif kutsuko pop kantu eta disko itzelak grabatu zituzten, The Cramps hirukote psychobillya The Smithsen diskografiarekin maiteminduko balira bezala.

Beat Happening-ekin garaiko aurreiritzi guztiak hautsi zituzten, betiere jarrera erabat autonomotik abiatuta, eta punk jaialdietan ere jo zuten, ikus-entzuleak zur eta lur utziz. Johnson, halaber, indie eszena ahots nagusi bihurtu zen, eta harrezkeroztik, bide luzea egin du: Dub Narcotic Sound System edo Halo Benders taldeetan musikari; K Records diskoetxean sortzaile, edo International Pop Underground Convention jaialdi aitzindarian antolatzaile.

Aries

Estatubatuarrarekin batera, Aries (Isabel Fernandez) musikari bizkaitarra izango da, zeinak Adieu or Die bere lana berria Johnsonek gidatutako K Records diskoetxearekin plazaratu duen. Dabadabaren arabera, “(diskoa) txango elektroniko aparteko da: armoniekin, erritmo trostari eta soinu argitsuekin osatutako popa”.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button