MUSIKA

Mendiak eta musika baturik

Mendiak eta musika batzen ditu Urmuga ekimenak, aurten, uztailaren 13tik 31ra izango dena.

“Ertz luze batek zeharkatzen du Euskal Herria mendebaletik ekialdera, eta Kantauri eta Mediterraneo itsasoetara banatzen ditu urak. Ertz luze honek Urmuga du izena. Garobel Mendilerrotik Auñamendietako Hiru Erregeen Mahaiaraino, Urmugak Euskal Herria josten du. Gailurrik gailur, errekaz erreka, zuhaitzez zuhaitz, Urmuga jostura luze bat da gure geografian eta gure herri izaeran.
Mendizale eta musikari garen hainbat lagun batu, eta ertz eder honetan musika imajinatzen hasi ginen. Baita egin ere; mendilerro, lautada eta muinoak musikaz, euskaraz, kulturaz busti genituen. Guzti haren oihartzuna galdu aurretik urmugara itzuliko gara 2021ean. Bazter preziatu haiek mendizaletasunaz eta musikaz betetzera. Hemen da Urmuga 2021.”

19 egunetan osatuko dute ertz luzearen zeharkaldia oinez, Angulo portutik Hiru Erregeen Mahaiaraino, espedizioan mendizaleak eta musikariak bat eginik. Bertako gailur, leku eta herri esanguratsuenetara musika eraman eta Urmugaren inguruko pertsonak eta herriak elkarrekin harremanetan jarriko dituzte.

Lehen egunean, uztailak 13, Angulo portutik (720) Urduña portura (900) abiatuko dira zaleak, eta azken egunean, uztailak 31,  Erraize-Hiru Erregeen Mahaiatik (2.444 m) Linza aterperaino (1.320 m). Lehenagoan, Donostiako orfeoia, Mixel Etxekopar, Noemi Viana eta Françoise Rossé arituko dira Tologorrin, eta azken egunean, Isaban egingo da amaiera festa.

Bestelako egunak, ibilbideak eta kontzertuak Urmuga ekimenean kontsultatu ahal dituzue.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button