IKUS-ENTZUN

“Etxebegiak” zinemagintza tailer-lehiaketan lanak aurkezteko epea luzatu da

Sadek eta Ikertze kultur elkarteak antolatutako Etxebegiak zinemagintza tailer-lehiaketarekin bat egin dute Donostiako Zinemaldiak, Kutxa Kultur Eureka! Zientzia Museoak eta Aquariumak. Gainera, ekimenaren laguntzaile dira Zineuskadi, Kimuak, Euskal Herriko Gidoilarien Elkarte Profesionala, Zinea eta San Sebastian Gipuzkoa Film Commission.
Antolatzaileek lanak aurkezteko epea maiatzaren 10era arte luzatzea erabaki dute.

Ekimenaren helburua “zinemarako eta kultura-sorkuntzarako zaletasuna bultzatzea, eta, horrez gain, dibertimendua eta ikaskuntza uztartzen dituen alternatiba bat eskaintzea, konfinamendu-egunak hobeto aprobetxatzeko”.

Sari berriak ere emango dira. Hala, Zinemaldiak banatuko duen Zuzendaritza Onenaren Sariak Donostiako nazioarteko zine jaialdian filmak ikusteko abonamendua eskainiko du. Efektu Berezi Onenei zuzendutako Kutxa Kultur-Eureka! Sariaren irabazleak abonamendu bat jasoko du, lau pertsonek museoa urte osoan zehar bisitatu ahal izan dezaten. Eta URA by Aquarium Sari Bereziak aintzat hartuko du itsasoari, itsas ingurumenari edo ur kontsumo arduratsuari buruzko aipamena egiten duen lan onena. Azken kategoria horretako film irabazleak 15 lagunentzako bisita gidatua eskuratuko du, Donostiako Aquariumaren sekretu guztiak ezagutzeko.

Horiez gain, epaimahaiak hiru sari banatuko ditu: SADE zinemetarako bi opari-txartel (300 eurokoa film labur onenarentzat eta 150 eurokoa publikoaren sariarentzat). Gainera, ideia original onenak gau bateko egonaldia irabaziko du Donostiako hotel batean. Film sarituaren lantaldeko sei pertsonak izango dute gaua zinema-izarren hotelean pasatzeko aukera. Horrez gain, ikus-entzunezko finalistek pantaila handira jauzi egingo dute Begiradak Nazioarteko Amateur Zinemaldiaren eskutik.

Parte hartu nahi duzuenok www.sadecine.com web orriko Etxebegiak atalean kontsulta dezakezue parte hartzeko sistema.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button