MUSIKA

“Breakdance”-a agertokian

Breakdance dantza estiloarekin eta bestelako hiri adierazpideekin loturiko Break on Stage (Break-a Agertokian) ekimena apirilaren 9an egingo dute Bilboko La Casillan. Aurten, gainera, 10. edizioa egingo dute.

Egitaraua 20:00etan hasiko da. Hala, ateak ireki bezain pronto Freestyle gunean aurreneko break mugimenduez eta erritmoez gozatu ahal izango da. Eremu hori Londres hiriko Renegade disko jartzaileak berotuko du.

Handik ordubetera aurtengo edizioko breakdance lehiaketa ofiziala egingo dute. Bertan, honako talde hauek arituko dira: La Smala (Bordele); Crazy Hospital (Bilbo); Rugged Solutions (Holanda); Jinjo (Hego Korea) eta De Klan (Erroma). Talde hauen erakustaldiaren ostean, Kale Kulturen Erakustaldia izango da. Atal horretan, break dantzak ez ezik, bestelako hiri adierazpideak ere izango dira, tartean, hip-hop musikariak eta ikus-entzunezko lanak.

Gau partean, 22:00ak inguruan, Hego Koreako Jinjo taldeak bigarren erakustaldia egingo du lehiaketatik kanpo. 22:10ean Berlineko 4XSmpler taldeak emanaldia eskainiko du. Alemaniarrek beatbox teknika erabiltzen dute euren ikuskizunetan. Musikariok erritmoak egiten dituzte ahoarekin, aipaturiko beatbox teknika baliatuz. Kontzertu horren ondoren, break lehiaketako lehenengo eta bigarren sailkatuak azken norgehiagoka egingo dute.

Azken bataila amaitu eta gero sariak banatu eta Ingalaterrako Foreign Beggars hip hop taldeak kontzertua eskainiko du.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button