EZLEKUBAT

“Sexu jolasetarako ez dago Iparraldea bezalakorik”

Atzo etxera iritsi zitzaidan Campus EHUko aldizkaria, bertan “Iparraldean ez dute ligatzen eta ez kondoirik erabiltzen” artikulua irakurtzeko parada izan nuen. Aspertuta nago politika eta hizkuntza nahasteaz, beharbada egilearen aldetik artikuluaren azpian intenziorik onena egon liteke, baina kontrako irizpidei “euskañol” deituta  arrazoia duela uste badu, oso modu mingarri eta errezean argudiatzen du.(Artikulua E.H.U.aren “66 Campusa” aldizkarian aurkitu ahal duzue, oraindik ez dute interneten zintzilikatu).

Oso erraza da hizkuntzaz berba egitean irizpide politikoez janztea, gu eta gutarron konplizitatea bilatuz, hau da, berba potoloak erabiliz, identitatera jotzea hizkuntzaz hitz egiten dugunean. Hizkuntza eta nortasuna lotuta daude, baina hizkuntzaren arauak dinamikoak dira, nire ustez komunikazioan oinarrituak. Euskara garbia faltsua bezain arriskutsua da kale hizkeran zein  euskararen erabilera orokorrean, ze erregistrorik gabeko hizkuntza antzua sortzen ari gara.

Euskal Telebistako filmeak ikustea baino ez dago: erabiltzen duten hizkuntza dela eta, inork ez du ikusten pelikula horiek. Euskaldun berriei hizkuntza erreal eta eraginkorra eskeini behar diegu, erabileran oinarritua, eta batez ere komunikazioa errazten duena. Hainbat euskaldun peto-petoek on ustean  sinonimo eta antonimoetan oinarritutako euskara dute buruan: “Nola esaten da karramarro gorria Zarautzen?, eta indaba beltza Elantxoben?”. “Eibarko euskerea ez da Ubidekoa bezain ona, ze erderatik berba asko hartzen dau”.  “Zergatik esaten deutsie Espainiako presidentea? Presidente berba ez ahal da lehendarkaria?” Jokabide hau euskal sustraiko hitzak balioztatzeko ona bada ere, sorkuntza lanean aritzen diren lexikografoen beharra jasanezina egiten zait sarritan, hain da artifiziala: “Errentagarritasuna eta erabilgarritasuna ere bai, holako kontu batek hemengo behar zuen”; hemengoxea, nongoa ba? Gehiegikeriak-gehiegikeri, kale hizkuntzaz gabiltzala, uste dut erdal sustraiko hitza finkatua badago onartu behar dugula, galbe puristak  kale hizkuntzarako ez du balio eta.

Idazkian egilea kezkatuta dago kaleko hizkerak azken boladan hartu duen norabideaz, horregatik artikulu honetan zera idazten du: “Ibon Sarasolak “Euskara batuaren ajeak” liburu mugarrian jo zuen alarma, euskaldunon zabarkeria salatuz eta Iparraldearen eta Hegoaldearen arteko muga gu geu ari ginela sakontzen gordin eta argi azalduz: “Euskal Herria bitan zatitzen duten hitz eta esapideak dira gaur egun dugun arazorik larriena” zioen, froga ugari emanez. Eta hori inon bada kaleko hizkeran da”.

Aipatzen duen Ibon Sarasolaren “Euskera batuaren ajeak” mugarri izan zen bere garaian, baina Sarasola berari elkarrizketa batean entzun nion erizpide hau ez zela guztiz zuzena. Hizkuntzaren gauzatzean, euskarak frantsesa eta gaztelaniaren eragin nabarmenaz aparte -mugaren bi aldeetan ukaezina eta garrantzi handiena duena garapenean- beste osagarri batzuk eragin itzela zutela: Sarasolari Piarres Xarritonek esan zion “Bizkaia Irratia” -erderakadaz gainezka (hauek espainolagoak dira, itxuraz)- hobeto ulertzen zutela iparraldean, ETBko zenbait zaio garbizale baino. Beraz, frantsesa eta gaztelaniaren eragina euskararen garapenean ukaezina eta garrantzitsuena den arren, ez dezagun garbizaletasun talibanera jo; mendiko haizea osasuntsua da, baina hiritarrok berdegune artean bizi behar dugu.

Beste  perla bat ditxosozko idazkian hau da: “Euskara batuaren kontrako eta kaleko hizkeraren aldeko diskurtsoetan oinarrituta eta errazkeriaz hutsez, euskara erdarakadaz euskañoltzen da, gure hizkuntza komunitatearen batasunaren aurkako norabidean sakonduz”. 70 urtetik beherako euskaldunen artean bada euskara batuaren kontrakorik? Beti dago norbait, noski. Eta galdetuko bagenu ea kaleko hizkeraren aldekorik dagoen?, euskaldun guztiok aldekoak garela esango nuke. Kontua da, eta honek sortzen du denon arteko buruhausteak, euskararen erabilera kalean bermatzearena nola bideratu. Hizkuntza normalizatua izateko, inolako zalantzarik gabe,  euskarak kalea hartu behar du, Euskal-Herriko zenbait herri euskaldunetan lez: Aramaio, Lekeitio, Mutriku, Leitza…  eta herri hauetako biztanleek erderakadak dituzte? Nik esango nuke baietz. Beraz, zertan gabiltza? Erabilera sustatu nahi dugu erderakadarik barik?

Badirudi ondoren egilea damutzen  dela: “Hau esanda, garbi utzi dezadan berriro, besterik dela, euskarara hurbiltzen ari den askok euskañola, makulu ezinbesteko gisa erabiltzea euskaraz hitz egiten hasterakoan”. “Bueno, mutilak ikasi bitartean euskañola erabili, baina gero ez”. Hizkuntzaz berba egiten du matematika izango balitz moduan: bi gehi bi lau. Hizkuntza giza burmuinaren islada da, eta gizakiak duen garapenaren ahots. Gizakia irizpide matematikoz soilik ulertu ahal da? Nire iritziz neurri handi batean horrela interpretatu liteke, baina beste zientziak ere kontuan hartzekoak dira.

Artikulu egileak darabilen errazkeria iritziak ematekoan mingarria izateaz gain,  ez da batere eraginkorra, traketsa eta interesatua baizik. Gaur egun hezkuntzan Euskal Herriko instituto askotan euskara dute lehen hizkuntza, baina lagun arteko elkarrizketetan  ikasleek gaztelaniara jotzen dute. Euskara da lan hizkuntza, eta gaztelania hizkuntza afektiboa. Nola emango dugu jauzia lanetik afektibitatera? Oso ondo dago aberriaz hitz egitea, batasunaz berba egitea, baina ikasle gehienak apolitikok dira, eta gune urbanoetan familia guztiak ez dira “abertzaleak”. Nola eman saltoa?, argi eta garbi erabilera sustatuz.

Erabilera bultzatzeko, ekin beharko da uneoro, eta ahalik eta toki gehienetan, ez? euskara darabilten gazte hauek ereduak beharko dituzte, baina euren erabilerak erreferentzia guztiak gaindituko duela uste dut. Beraz, mesedez gazteei ez beldurrik sartu, ez esan  euskañolez lehenengo bai, baina  gero ez. Argi izan beha dugu, komunikazioa gauzatzeko  nahiz esparru jakin batzuetan euskara erabiltzeko gehiegikeri eta hanka sartzeez gain, zuzentasuna derrigorrezkoa dela. Ez gogorarazi iparraldeko eta Gipuzkoako mendi eta kostaldeko hizkera erreferentzia izan dezatela, batez ere zonalde horietakoak ez badira; indarra alperrik galtzen ez ibili. Euskara erabili, erabili, erabili… euskarak iraultza itzela bizi du, eta hemendik bi belaunaldira aldaketa nabarmenak izango ditu, garapen honetan ezinbestekoa da kaleko erabilera finkatzea.

Gure lagun zaharrak bukatzeko zera dio: “Ezingo da hizkuntza nazionalik eraiki, mugaz bi aldeetako harremanak indartu gabe eta denontzat erabilgarria eta ulergarria izango den hizkerarik sendotu gabe”. Nola esaten da euskaldun peto-petoa Sestaon, Getxon, Ermuan, Irunen, Peraltan, edo Tuteran? vasco. Ze erraz ematen dugun iritzia  “hizkuntza nazionala”, “mugaz bi aldeetako harremanak”, “denontzat erabilgarria eta eragingarria” bezalako hitz ederrak erabilita. Dirudienez, artikulu egilea ez da konturatu Europako hauteskundeak amaitu zirela.

Aizkora zorrotza behar dugu euskal hiztunok errealitateari aurre egiteko, zorroztarriaz txispak ateraz, behin eta berriz zorroztu behar duguna ikaratu gabe; mozteko ezintasunak eta izuak albo batean utzita, indarrez jotzen duguna erditik apurtzeko erreminta aproposa behar dugu. Ez diogu beldurrik izan behar kaleko euskeraren erabilera traketsari, beldurra izan behar diogu kalean hizkuntza ez erabiltzeari: Gasteiz, Bilbao, Donostia, Iruña, Tutera, Eibar, Barakaldo, Baiona… euskaldundu beldurrik eta konplexurik barik!

Zuzentasuna erabileraren ezinbesteko iparra dela argi utzita; mesedez lagun, ez ibili gazteek euskara erabiltzarakoan mugak ezarri nahian, esparru guztietan hitz egitea ezinbestekoa da eta, euskararen etorkizuna hortxe dago: erabileran, eta derrigorrez sustatu behar da.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button