MUSIKA

Noiserv, Ekiza eta Bilauk Saran joko dute igandean

Usopop jaialdiak kontzertua ondu du igandean, Sarako Lur Berrin, 17:00etatik aurrera: Noiserv (Portugal), Ekiza (Euskal Herria) eta Bilau (Euskal Herria).

David Santos artista lisboarraren egitasmoa da Noiserv. Duela urtebete inguru Almost Invisible Orchestra lan argitaratu zuen, bai eta zale mordoa lortu ere. Usopopen arabera, “disko eder honetan, 40 musika tresna entzuten badira, zuzenean giza orkestra bakarrik da sakelako sinfonia horiak jotzeko”. Sarara grabazio berriko kantuak ekarriko ditu: “Disko berria prest du eta dirudienez bere ama hizkuntzak leku handiagoa ukanen du gure belarrien plazerrarendako”. Doinu malenkoniatsuak egiten ditu, Radiohead, Yann Tiersen edo Sébastien Schulle artisten oihartzunak zabaltzen dituztenak.

Willis Drummond taldeko gitarra eta abeslari Jurgi Ekizak (Baiona, 1980) aurten kaleratu du Ekiza (Bidehuts) bere bakarkako ibilbidearen estreinako urratsa. Anari musikari azkoitiarrak hauxe idatzi zuen diskoa plazaratzerakoan: “Norbait begien aurrean biluzten denean, norbaitek dena erakutsi nahi dizunean, beste aldera begiratzen duzu. Ez gaude ohituta biluziari aurrez-aurre begiratzen. Gordina da, benetakoa, benetakoegia da, beroegia, hotzegia. Horrelako zerbait gertatzen da Jurgi Ekizaren diskoarekin”.

Azkenik, Bilau laukotearen harira, hauxe zabaldu du Usopopek: “Biolina, bilontxeloa, gitarra eta perkusioek Paxkal eta Elorrik deklamatutako mantra hunkigarrien indarrak biderkatzen dituzte. Laukoteak altximia berezi bat lortzen du erraietatik datozen zuzeneko intentsoak eskainiz”.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button