MUSIKA

The Godfathers taldeak disko berria aurkeztuko du Gasteizen eta Bilbon

Peter (gitarra eta ahotsa) eta Chris Coyne (baxua) anaiek gidatzen dute 1980ko hamarkadatik The Godfathers, eta euren musikan Beatles klasikoetatik edaten dituzten pop melodiak, punkaren amorrua edo rockabilly-aren zoramena uztartzen dira.

Bada, taldeak Gasteizko Helldorado aretoan joko du gaur, 22:00etatik aurrera, Grande Royale suediarrekin batera. Igandean, halaber, Bilboko Satelite T aretoan izango dira, 13:00etan. Bietan Big Bad Beautiful Noise izenburuko lan luzea aurkeztuko dute britainiarrek.

Disko bikaina eta rockzalea plazaratu du The Godfathersek. Peter Coynen hitzetan, “niretzat eta gainerako taldekideentzat oso garrantzitsua da zuen ipurdiak ostikatuko dituen diskoa argitaratzea eta The Godfathersen hit handien ondarea hedatzea: Hit By Hit, Birth School Work Death, More Songs About Love And Hate eta Unreal World”.

The Godfathers izen berezia da Ingalaterrako rock musikaren joan etorria ulertzeko. Bere zuzeneko indartsu, freskagarri, rockeroak eta bere working class izpirituaren errebindikazioa mundu osoan dira ezagunak. Bere grabazio azpimarragarrienak hauexek dira: Birth, School, Work, Death (1988), More Songs About Love & Hate (1989) eta Unreal World (1991).

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button