IKUS-ENTZUN

Albert Lamorisse zinemagilea omenduko du FAS zineklubak

Bilboko FAS zineklubak Albert Lamorisse (1922 – 1970) zinegile frantziarra omenduko du gaurko saioan. Izan ere, Indautxu Plazan dagoen El Carmen aretoan iraupen erdiko Le ballon rouge (Frantzia, 1956) eta Crin blanc: le cheval sauvage (Frantzia, 1953) ikusi ahalko dira, 19:45ean. Parisen jaio eta Iranen hil zen Lamorissek filmak egin ez ezik, Risk izeneko mahai-jolas ezaguna ere asmatu zuen.

Gaur proiektatuko diren filmei dagokienez, biak ala biak lan sarituak dira. Hain zuzen ere, Le ballon rouge zinegilearen lan entzutetsuena da, eta 1956ko Cannes hiriko zine jaialdian sari nagusia jaso zuen, eta Oscar sarietan, berriz, Gidoi Orijinal Onenaren saria irabazi zuen. Anekdota batetik abiatzen da film poetikoa da: haur batek eta globo gorri batek topo egingo dute Parisen, eta elkarrekin hirian zehar ibiliko dira. Dialogo urriko eta iraupen txikiko lana da Globo Gorria, hain zuzen ere, 36 minutu irauten du.

Crin blanc: le cheval sauvage filma ere 47 minutuko erdimetraia da. Bigarren lan honek Film Labur Onenaren saria jaso zuen 1953ko Canneseko jaialdian. Filman askatasuna eta adiskidetasuna landu zituen zinegile frantziarrak, Folco mutikoaren eta zaldi basati baten arteko harremanaren bidez.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button