MUSIKA

Mikel Urakenek lan berria argitaratuko du hirukote formatuan

Mikel Urakenek bere sare sozialen bidez jakinarazi duenez, “urte berriarekin garai eta erronka berriak datoz. Bakarlari izateari utzi eta auzolan baten koordinatzaile bihurtu naiz”. Izan ere, Gorka Pardo baxu-jotzailearekin eta David Tobal Arnaiz bateria-jotzailearen laguntzaz bere bigarren lana plazaratuko du udaberrian.

Iragan abenduan grabatu du Urakenek disko berria Andoaingo Garate estudioetan, Martxel Arkarazo teknikariaren laguntzaz eta Ander Barriuso Muñoaren gidaritzapean. “Abesti batzuk sortu nituen eta haien ezinbesteko ekarpenari esker (Gorka Pardo baxu-jotzailearekin eta David Tobal Arnaiz bateria-jotzailea) borobilduak egin dira”.

Horretaz gainera, Gorka Erostarbe, Gotzon Barandiaran eta Aiert Goenagaren testuak ere txertatu ditu bere kantu berrietan. Diskoaren diseinuaz Asier Garcia Azkue arduratu da, zeinak Santutxuko musikariaren estreinako diskoaren artwork-a ere egin zuen, Neguaren ostean (2015). Argazkiak, azkenik, Arrigurik egin ditu.

Diskoaren argitalpenaz Uraken bera arduratuko da, Mise-En-Scène Productions zigiluarekin erdibana. “Momentuz ez daukat gauza gehiagorik esateko, eskerrak ematea baino ez, bihotzez, nire lankide guztien ekarpenagatik eta profesionaltasunagatik. Diskoa argitaratzeko data finkorik ez dago baina esan dezaket neguaren ostean, `izaki bizidun berriak’ agertuko direla…”.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button