IKUS-ENTZUN

Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldiak egitarau berezia proposatu du egunotarako

Datozen egunotan, ekainaren 22, 23 eta 24an, Giza Eskubideen Zinemaldiak hainbat film pantailaratuko ditu Donostiako Antzoki Zaharrean, 19:00etatik aurrera.

Erakustaldi horretan, hiru dokumental proiektatuko dira. Gaurkoa, Apaga la luz y verás (2020) Ibon Casas musikari eta musikagileari buruzko dokumental autobiografikoa da.
“Duela hamar urte publizista ospetsu batek Ibon Casasentzat marka bat diseinatu zuen, eslogan bat (DameTVision) eta asmo handiko proiektua. Zine zuzendari bati begiak maileguan eskatu behar zizkion Ibonek, bere bizitzako filma filmatzen lagun ziezaion. Amets bat, utopia bat, aurrera jarraitzeko pizgarri bat oparitu zioten Iboni, eta oso serio hartu zuen. Bere ametsa lortzeko borroka berezi, nekaezin eta zintzoa, itsutasun arazoak dituzten pertsonei ikusgarritasuna ematen diena, hori da film hau egiteko arrazoi nagusia. Baldintza bakarra jarri zioten: berak hirugarren begia izan behar zuen, eta bere burua grabatu, istorio intimoago eta zintzoago batera iristeko, filtrorik eta manipulaziorik gabe. Film hau oso ikuspegi pertsonala da ikusmen gabeziaren inguruan.”

Biharko saioan, Ernest Lluch, libre y atrevido (2020) filma pantailaratuko da; eta asteazkenean, Bi urte, lau hilabete eta egun bat (2020) Euskal Herriko kontzientzia eragozpenaren eta antimilitarismoaren mugimenduari buruzko lana.

Donostiako Udalaren Giza Eskubideen Sailak eta Donostia Kulturak antolatzen duten ekimena honen gaineko informazio guztia, hemen eskuratu ahal duzue.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button