ESZENA

“Luces de Bohemia” klasikoa, Pabellon 6ko programazioan

Bilboko Pabellon 6ko programazioak ez du udan etenik izango eta lan interesgarriak oholtzaratuko dira bertan.

Hala, uztailean, Valle-Inclanen Luces De Bohemia klasikoa berriro taularatuko da. Taldea Galiziara joango da, egilea jaio zen herrira, Vilanova de Arousara, Valle-Inclán Antzerki Jaialdian parte hartzeko. Jaialdia ixteko ardura izango dute, eta eszenatokia partekatuko dute, besteak beste, El Brujo, Títeres Cachirulo eta Vigoko ESADekin.

Galiziako emanaldiaren ondoren, antzezlana Pabellon 6n antzeztuko da, eta bost emanaldi izango dira uztailaren 21etik 25era. Antzezlanak “gizarte esperpentiko, degradatu eta ustela erakusten du, egungoaren antz handiegia duena. Luces de Bohemia herrialde desitxuratu, bidegabe eta zapaltzaile batean bizitzeko ezintasunaren parabola tragiko eta irudi barregarri bihurtzen da. Halakoxea da 1920ko Espainia, herri xehearekiko begirunerik gabea. Harekin antzerki-genero berria inauguratu zuen: esperpentoa. Hala ere, obra oso ezaguna eta duela 100 urte baino gehiago argitaratutakoa izan arren, oso gutxitan antzeztu da.

Kasu honetan, Nagore Cenizo-Arroyo, Unai Elizalde Zamakona, Ramon Ibarra, Diana Irazabal, Ione Irazabal, Sandra Martin Gomez, Alfonso Torregrosa, Chema Trujillo eta Yeray Vazquez dira antzezleak, eta Ramon Bareak zuzenduko du.

Ondoren, Aste Nagusian El Trepa De Palacio estreinaldia egingo da. Braulio Cortesek idatzitako bufo musikala, Felipe Lozak zuzendua eta Aitor Echarte Merinok, Diego Perezek, Leire Ormazabalek, Nahikari Rodriguezek, Unai Elizalde Zamakonak eta Yeray Vazquezek antzeztua da. Erabateko estreinaldia abuztuaren 19an izango da eta irailaren 11ra arte egongo da ikusgai.

www.pabellon6.org webgunean duzue informazio osoa.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button