BERTSOTAN

Aramaiok irabazi du Arabako Koadrila arteko Txapelketa

Gasteizko Landatxo pilotalekua jendez bete zen larunbatean Arabako Koadrila arteko txapelketaren finalaz gozatzeko. Kalejira, herri bazkaria eta dantzaldia ostean Aramaio eta Gasteizko Kakiturri-Ehari aritu ziren lehian. Azkenean Aramaioko gazteek irabazi zuten.

Denetariko gaiak egon ziren, umorezkoak zein tristeak, tartean, kalean dauden edadetuen kontaketak, irakasleek egin beharreko ebaluazioak edota minbiziz hildako neskalagunari eramandako lore sorta.

Manex Agirre, Iker Agirre, Andere Arriolabengoa eta Xabi Igor aramaioarrak trebetasun handiz aritu ziren eta jendea bereganatzen ere jakin zuten.

Lehenengo aldia da Arabako Koadrila arteko bertso Txapelketa egiten dela, izan ere, ohiko banakako bertso txapelketak atseden hartu du aurten. Asmoa, bertsoa herritarrei gerturatzea eta parte-hartzea areagotzea izan da.

Txapelketan Arabako bederatzi talde aritu dira eta guztira 42 bertsolari izan dira parte hartu dutenak.

Hurrengo urtean banakako txapelketak hartuko du lekua berriro. Izan ere, bi urtean behin egiten hastea pentsatu dute, tarteko urte horretan taldekako txapelketa ba antolatzeko.

Arabako Bertsozale Elkarteak bidalita

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button