IKUS-ENTZUN

“Zinebi 64″ate joka

“Zinebi 64”, Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdia iragarri dute prentsa agerraldian. Aurtengoa 64.edizioa izango da eta azaroaren 11tik 18ra arte iraungo du Bizkaiko hiriburuan. Bilboko Udalak antolatutako jaialdiari Arriaga Antzokian azaroaren 11an arratsaldeko 19:30etan emango zaio hasiera inaugurazio-gala batekin.

Gonzalo Olabarria Bilboko Udaleko Kultura eta Gobernantzako zinegotziak, Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailburu eta bozeramaileak, eta Vanesa Fernández Guerra, “Zinebi”ko zuzendariak eman dituzte jaialdiaren xehetasunak.

Hala, edizio berri honetan 47 herrialdetako 147 filmek hartuko dute parte. 2021 edizioarekin alderatuta, parte hartze handiagoa izango da eta aurkeztutako filmen erdia baino gehiago, Estatuan estreinaldiak dira. Gainera, aurten, programaturiko filmen erdia baino gehiago emakumeek zuzendu dituzte.

Urtero bezala, proiekzioak Sail Ofizialean eta beste proiekzio batzuetan banatutako ataletan aurkezten dira. Lehenengoan, Film Laburren Nazioarteko Lehiaketa eta “ZIFF – Zinebi First Film” Nazioarteko Lehiaketa sartzen dira, errealizadore berrien film luzeei eskainia. Bigarrenean, aldiz, Beautiful Docs , munduko film luze dokumentalen sail ez-lehiakorra; Bertoko begiradak atala, Euskadin ekoiztutako film laburren eta luzeen atala; eta euskal ikus-entzunezkoen industriako produktoreen, zinemagileen eta profesionalen aitortzak ere izango dira saio berezietan.

Aurten, Ukraina izango da herrialde protagonista “Behin zinemagilea izan nintzen. Orain soldadua naiz” zikloaren bidez. Bertan, Ukrainan ekoitzitako hiru film labur eta hiru film luze erakutsiko dira, hoetako bat Mariupolis 2, Cannesko zinemaldiaren aurtengo edizioan estreinatu zena eta dokumental kategorian epaimahaiaren sari berezia lortu zuen.

Ohikoa den bezala, aurtengo edizioan ere, nazioarteko zinema garaikideko hiru zinemagile omenduko dira Ohorezko Mikeldi Sarien bidez. Sari honekin, beraien ibilbide eta dimentsio artistikoa aitortu nahi die jaialdiak. Oraingo honetan, Agnieszka Holland, gidoilari eta zuzendari poloniarra;  Albert Serra, autore-zinemaren defendatzailea; eta Iñigo Salaberria gipuzkoar zinemagilea izango dira saria jasoko dutenak.

Zinebi.eus webgunean Jaialdiaren egunez egunekoa eta xehetasun guztiak aurkituko dituzue.

 

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button