MUSIKA

John Zorn-ek prest dauka Donostiako “Masada”

New york hiriko John Zorn saxo jotzaileak uztailaren 27an egingo du Masada izeneko maratoi erraldoia Donostiako 48. Jazzaldiaren baitan, alegia, Zornen Tzadik diskoetxearekin grabatzen duten hamabi talderen segidako emanaldia. Emanaldia 18:00etan hasiko da, eta sei ordu inguru iraungo du.

Jazzaldiak musikari estatubatuarrarekin arituko diren musikarien zerrenda iragarri du: Masada Quartet; Sylvie Courvoisier / Mark Feldman Duo; Banquet of the Spirits; Mycale; Krakauer; Bar Kokhba; Abraxas; Erik Friedlander Solo; The Dreamers; Masada String Trio; Uri Caine Solo; eta, azkenik, Electric Masada. Talde bakoitzean jotzen duten musikarien zerrenda Jazzaldiaren webgunean irakur daiteke.

Talde guztiak Zornekin lotura estua dute eta Tzadik zigiluarekin grabatzen dute. Izan ere, diskoetxea aspaldi eratu zuen saxo jotzaileak bere inguruko abangoardiako proposamen ugari biltzeko. Mundu osoko musikarien diskoak grabatu eta plazaratzen ditu. Tzadik jazz garaikidearen erreferentziazko diskoetxea da.

Zorn artista emankorra eta polifazetikoa da: konpositorea, moldatzailea, produktorea, saxofoi-jotzailea eta multi-instrumentista. Askotariko doinuak jorratu ditu bere ibilbidean: jazza, rocka, hardcorea, punka, musika klasikoa, klezmerra, musika inprobisatua eta soinu-bandak.

Hala, 90eko hamarkadan punka eta jazz uztartu zituen Naked City taldearekin. Garai hartan, gainera, gaur arte iraun duen Masada taldea ere abiatu zuen Dave Douglas, Greg Cohen eta Joey Baron musikariekin. Masadak hainbat formatu eta taldekide izan ditu Zornen ibilbidean. Etengabe aldatzen ari den proiektua da Masada.

Abangoardiako musikaz gain, -John Cage eta Stockhausen musikari kutunak ditu-, filmetako musikak ere biziki maite ditu, tartean, Ennio Morriconeren soinu bandak. 1986an Frantzian Jean-Luc Godard-en omenezko disko batean ere parte hartu zuen, The Godard Fans.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button