MUSIKA

Errenteriako Orereta Abesbatzak zilarrezko bi domina eskuratu ditu Txinan egin duen egonaldian

Uztailaren 15etik datorren astelehen 26ra bitartean abesbatzen arteko olinpiadak jokatzen ari dira Txinan. Orereta Abesbatza Errenteriako Andra Mari Koru Elkarteko parte da eta euren taldea bigarren sailkatu da haur abesbatzen kategorian, Indonesiako Karangturi Choir abesbatzaren atzetik. Folklore alorrean ere bigarren sailkatu dira, beste koru indonesiar baten ondotik hemen ere, Vocalista Paradisso Choir geratu baita lehenengo.

Orereta Abesbatza 13 eta 16 urte bitarteko 42 neska eta 3 mutikoko talde batekin aurkeztu da agertoki txinatar honetara, Imanol Elizasu Kasa zuzendaritzapean. Txinara egin duten bidaia honek koru bilkura honetan parte hartzea zeukan lehenengo helburu, baina hori egitearekin batera bisita egin diote Shanghai hirian zabalik den Nazioarteko Expo Azokari, bertako Bilboko pabilioan kantatuz hain zuzen ere, eta baita Txinan dagoen euskal etxe bakarra, Shanghain egoitza duena, bisitatuz eta bazkide eta lagunak agurtuz.

Datorren igandean, uztailaren 25ean, koru talde gipuzkoarrak bigarren parte hartze bat egingo du Shaoxing-eko norgehiagokaren bigarren fasean, oraingoan eliz musika kategorian. Orereta Abesbatza da, Iñaki Tolaretxipik zuzentzen duen Landarbaso Abesbatzarekin batera, euskal abesbatzek Txinako elkarretaratzearen VI. edizio honetara bidali duten ordezkari bakarra.

Euskalkulturak bidalita

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button