MUSIKA

Kantariek Francoren mende bizi izandakoaz

Colette Larrabururen da Francoren mende kantatzen genuenean (Elkar) izeneko lana. Gaur, otsailak 17, Martin Ugalde kultur parkean, garai hartako kantariek bizi izandakoa kontatu eta kantatuko dute hainbat partaidek: Colette Larraburu (idazlea), Peio Etxeberri-Aintxart (editorea), eta Beñat Sarasola, Joanes Borda, Panpi Lacarrieu, Gexan Lantziri eta Patxika Erramuzpe kantariak.

Elkar argitaletxeak bidalitako oharrean honakoa irakurri dugu: “1960 eta 1970eko hamarkadek garrantzi handia dute euskal kantagintzan. Ipar Euskal Herrian zein Hego Euskal Herrian sortu ziren mugimenduek berritu zuten euskal kantagintza, modernizatu egin zuten. Ipar Euskal Herriko garai hura aztertu du sakon Colette Larraburu kazetariak, protagonisten beraien eta haien ondorengoen testigantzak oinarri hartuta. Mixel Labeguerie jotzen da euskal kantagintza modernoaren sortzaile, eta harekin batera beste asko sortu ziren: Pantxoa eta Peio, Guk taldea, Gexan Lantziri, Patxika Erramuzpe, Etxamendi eta Larralde, Manex Pagola, Ortziken, Zazpiri bai… Zergatik eta nola sortu zen mugimendu hura guztia?”

Galdera horiei erantzuten dion liburua da Francoren mende kantatzen genuenean eta hura aurkezteko saio kantatua antolatu da. Bertan, egileak eta editoreak liburua azalduz joango dira, eta protagonista izan zirenetako batzuek haien testigantza emango dute eta kantatu egingo dute saioan zehar.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button