BERTSOTAN

Bertsozaleen hitzordua, domekan, Gernikan

Domekan abiatuko da Bertsolari Txapelketako udazkeneko fasea, Gernikan egingo den saioarekin. Lizeo Antzokiko oholtzara, sei bertsolari  igoko dira: Asier Galarza muxikarra, Garikoitz Sarriugarte zaldibartarra, Imanol Uria algortarra, Ion Barrocal trapagarandarra, Paule Ixiar Loizaga sopelaztarra eta Julen Erezuma Erezuma gernikarra.

Igandean hasita, bost kanporaketa izango dira udazkeneko fase honetan,eta saio bakoitzean sei bertsolari arituko dira finalaurreko pasea lortzeko lehian. Hamar bertsolarik eskuratuko dute pase hori.

Sarrerak Lizeo Antzokiko txarteldegian izango dira, 16.00etatik aurrera, eta  bertsozale.eus atarian eskuratu ahal izango dira. Ohi bezala, bertsozale bazkideek deskontuak izango dituzte eta kanporaketa zein finalaurreko saio guztietara joateko interesa dutenentzako bonoak daude eskuragarri.

Bizkaiko Bertsolari Txapelketa, bi urtetik behin egiten da. Asier Ibaibarriaga Bizkaiko Bertsozale Elkartearen lehendakariaren esanetan, “bertsolarien lana agertzeko plaza ez ezik, bertsozaleentzako arnasgunea, eta bertso eskolen lana, zein elkarteak berak urte osoan egiten duten lana agertzeko plaza ere bada”. Ildo beretik, urte osoko elkarlanaren emaitza plazaratzeko ekimena dela gaineratu du.

Hurrengo kanporaketako saioa, Santurtzin egingo da, urriaren 14an. Bertan protagonistak Arrate Illaro, Ekaitz Larrazabal, Eneko Abasolo, Imanol Arrutia, Iñaki Iturriotz eta Malen Amenabar izango dira.

Informazio guztia bertsozale.eus atarian.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button