LITERATURA

Poesia ezin da kabitu, Ean (bereziki)

Baina halere, kabitu kabituko egingo da, eta ahalik eta gehiena gainera, horretarako antolatzen baitira urtero Eako herrian Poesia Egunak.

Poesia ezin da kabitu lelopean abiatuko dira uztailaren 17, 18 eta 19an aurtengo Poesia Egunak, eta poesia bertan kabitzen ez bada ere, tokia egin beharko zaio bertaratuko diren idazle andanari, tartean, Alaitz Aizpuru, Josu Landa, Jose Luis Otamendi, Itxaro Borda, Uxue Alberdi, Miren Agur Meabe, Antonio Casado Da Rocha edo Tere Irastortza.

Ohikoa den bezala, hausnarrerako bazka egongo da programazioan atondu diren hainbat ekitaldi bereziri esker. Denetarik egongo da, poema errezitaldiak, eszenaratzeak, performanceak, kontzertuak, debateak eta, gainera, horietarik asko primiziak izango dira Ean.

Elitismotik aldendu nahian, herriak berak antolatzen ditu jardunaldi interesgarriak herri literaturzalearentzat.

Egunetako programazioaren barruan, barikuko hitzaldia izango da interesgarria: Joxe Azurmendi 60ko poesiaren eraberritzean. Alaitz Aizpuruk idazlearen poemagintzari errepasoa egingo dio Eskolondoko liburutegian.
Larunbateko egitarauan gauza interesgarri asko daude. Poesia (zubi bat) bertsolaritza izeneko hitzaldia prestatu du Maialen Lujanbiok, eta horren ostean Kapital Publikoa errezitaldia egingo du Otamendik. Ituskizuna ikuskizun berriaren lehen ekinaldia ere ikusteko parada egongo da arratsaldean, Itu bandarekin.

Igandeko hitzorduan Miren Agur Meabek Nire arestiar lauburuak izeneko hitzaldia egingo du. Arestiren figurak, bere testuek eta inguru-maria horretan sortu den guztiak bere bizitzan izan duen eraginaz arituko da idazle lekeitiarra. Azkenik, Antonio Casado da Rocha, Tere Irastortza, Joan Mari Irigoien eta Mikel Antzaren poemak irakurriko dira Beñat Barandiaran musikariaren laguntzaz. Azken egunaren ikusgarriak Tenpora taldearen, eta Jule Goikoetxea, Kattalin Miner eta Danele Sarriugarteren eskutik etorriko dira, hurrenez hurren. Lehenak Mundu berria diskoa aurkeztuko du eta hirukoteak Danele Sarriugarteren Erraiak eleberria eta Jule Goikoetxearen Tractatus poesia liburua uztartuta sortutako errezitaldia da.

Kontzertuak ez dira faltako. 22m2 arituko da barikuan eta Anarik girotuko du larunbateko gaua.

Hori eta askozaz ere gehiago hamabost egun barru Eako Poesia Egunetan.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button