BERTSOTAN

Etxahun Lekue onena Oionen

Oiongo azken kanporaketa Etxahun Lekuek poltsikoratu du eta Tolosako finalaurrekorako txartela lortu du postu honekin. Azaroaren 10ean Tolosan jokatuko den bigarren finalaurrekoan kantatuko du.

Azken kanporaketa izan da Oiongoa eta horrenbestez finalaurrekoetan ze bertsolarik kantatuko duten erabakita gelditu da, baita finalaurrekoen osaketa ere.

Hortaz, sei kanporaketak jokatu ostean, 18 bertsolari sailkatu dira finalaurrekoetarako. Haien saioa irabazita honako bertsolariak sailkatu dira: Jon Martin (Villabonako irabazlea), Agin Laburu (Markina-Xemeingo irabazlea), Julio Soto (Hendaiako irabazlea), Beñat Gaztelumendi (Altsasuko irabazlea), Igor Elortza (Legazpiko irabazlea) eta Etxahun Lekue (Oiongo irabazlea).

Horiekin batera, puntuazioaren arabera hauek dira hurrengo faserako sailkatu diren hamabi bertsolariak: Jone Uria, Jexux Mari Irazu, Alaia Martin, Xabier Silveira, Unai Agirre, Beñat Lizaso, Amaia Agirre, Nerea Elustondo, Jokin Uranga, Iñigo Mantzizidor Mantxi, Odei Barroso eta Fredi Paia.

Finalaurrekoetarako zuzenean sailkatuta zeuden orain dela lau urte kantatu zuten sei bertsolarik: Aitor Mendiluze, Aitor Sarriegi, Amets Arzallus, Jon Maia, Sustrai Colina eta Unai Iturriaga.

Hortaz, finalaurrekoen osaketa honela gelditu da:
Azaroak 9, Gernika-Lumo: Amets Arzallus, Jon Martin, Julio Soto, Jone Uria, Nerea Elustondo eta Jokin Uranga.
Azaroak 10, Tolosa: Unai Iturriaga, Igor Elortza, Etxahun Lekue, Jexux Mari Irazu, Amaia Agirre eta Iñigo Mantzizidor Mantxi.
Azaroak 16, Oiartzun: Aitor Sarriegi, Jon Maia, Agin Laburu, Alaia Martin, Beñat Lizaso eta Odei Barroso.
Azaroak 17, Murgia: Aitor Mendiluze, Sustrai Colina, Beñat Gaztelumendi, Xabier Silveira, Unai Agirre eta Fredi Paia.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button