MUSIKA

Itziarren Semeak eta Belakok Larrabetzufest jaialdian joko dute

Aurten ere Larrabetzufest jaialdiaren edizio berri bat egingo dute ekainaren 9an Bizkaiko udalerri horretan. Aurten Mungiako bi taldek joko dute: Belako pop-rock talde gazteak eta Itziarren Semeak ska-punk bandak.

Aipaturiko bi kontzertuak baino lehen, kale animazioa izango da Karramarro perkusio taldearen eskutik. Gero, 23:00etan Belakok joko du herriko plazan jarriko duten agertokian.

Belako Gaztea maketa lehiaketako irabazlea izan da oraintsu eta bere musikan pop, elektronika eta post-punk zertzeladak antzematen dira. New Order, The Cure, The Smits edo Joy Division bezalako taldeen eragin ilun bezain dantzagarriak biltzen dira taldearen kantuetan. Orain arte zazpi kantuko CD homonimoa eta txukuna argitaratu dute musikari gazte hauek.

Itziarren Semeak, berriz, banda ezaguna da. Bere musikan punk rock eta ska erritmoak nagusitzen dira, eta letrak ironiaz beteriko eraso kritikoak dira. Duela gutxi Basque of Brixton izeneko EP-a argitaratu du zazpikote bizkaitarrak.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button