MUSIKA

Barrence Whitfield eta Petti rock-lankidetzan Bloody Hotsaken eskutik

Petti zein Barrence Whitfield; biek ala biek ondo baino hobeto dakite zer den beste musikariekin lan egitea. Kantari nafarrak aurretik eginak ditu horrelako diskoak Anari, Txuma Murugarren eta Rafa Ruedarekin. Eta Whitfieldek, zer esanik ez. Rock'n'roll, blues, funk eta soul musikaren legenda bat da Whitfield, urte luzez The Savages taldearekin ibilitakoa, Richard Thompson, Solomon Burke, Los Lobos, Taj Mahal eta beste askorekin agertokian egondakoa.

Diskoan 10 kantu bildu dituzte, Pettiren bost kantu eta Whitfieldek aukeraturiko bost bertsio, tartean, Steve Wynnen Kerosene Man eta Bottle Rocketsen Thousand dollar car. Guztiak country-rock estiloan ondo bustita. "Grabazioa azkarra izan da, aste batean egin genuen, eta hiru egun entseatu", esan du Pettik. Kantuak hasiera batean geldoagoak zirela ohartarazi du nafarrak, baina entseguetan ikusi zuten gogortu egingo zirela, beraz, kantu guztiak kapa elektriko batekin estali eta diskoa rock'n'roll soinuarekin atera da, "apur bat gordina". Grabazioaz eta ekoizpenaz Jonan Ordorika arduratu da, "lan ikaragarriq egin du, ez baitago soinu hauek grabatzera ohituta". Bi musikariek, gainera, instrumentista handiak izan dituzte lagun: Joseba Irazoki gitarran, Guantxe baterian eta Beñat Irureta baxuan.

Hasiera batean nafarraren eta estatubatuarraren arteko lankidetza "txundigarria" izan daitekeela esan du Pettik, "ni folk rock eta rock gordinetik nator, eta bera soul eta rock'n'roll estiloetatik, baina diskoa entzun eta gero jendeak jarrera aldatuko du", gaineratu du. Izan ere, doinua gogortu, elektrifikatu egin dute batasuna lortzeko.

Diskoko bost kantu Pettirenak dira, euskaraz, eta beste bostak Whitfield aukeraturiko bertsioak, ingelesez; kantu bat elkarrekin abestu dute. Bostongoaren esanetan, bi musikarien konbinazioa "izugarria izan da, Pettirekin jotzea eta hemen izatea ametsa egi bihurtzea bezala izan da". Horrez gain, esan du euskal musikariekin jotzerakoan ez duela ezberdintasunik sumatu, "rock unibertsala baita".

Bikotea Bizkaitik ibiliko da lan hau aurkezten formatu akustikoan: bihar Basaurin, Ibaigana Kulturgunean; etzi, Amorebietako Zelaieta zentroan; ostiralean, Leioako Ambigu kafean, eta larunbatean, Ermuko Lobiano Kultur Etxean. Hurrengo astean Donostian eta Arrasaten izango dira, baina bi emanaldi horietan bandarekin joko dute, alegia, formatu elektrikoan.

Nontzeberri

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button