MUSIKA

“Atera”, Zea Maysen disko berria kalean

Aurkezpenik behar ez duen Zea Mays euskal talde beteranoak estudioko bederatzigarrena baina hamargarren zenbakia borobiltzen duen diskoa aurkeztu du gaur Kafe Antzokian egindako prentsa agerraldian. Dagoeneko plataforma digitaletan entzungai duzue, eta laster, Durangoko Azokan euren stand-ean (Goenkale 58) izango duzue eskuragarri.

11 kantuz osatzen da Atera izenburuaz aurkeztu duten lan berria, “barneko dena atera nahi izan dugulako, barrenak hustu eta barnean dugun dena-dena zentzu baikor batetik kanporatu eta partekatzearen beharra genuelako”, azaltzen du Aiora Renteria taldeko abeslariak.

11 kantu horietatik 10 dira berriak. Izan ere, Joseba Sarrionaindiaren hitzak daramatzan Zintzilik kantua ere diskora ekarri dute, Gure oroitzapenak (Elkar, 2018) disko bildumarako iaz sortutakoa. “Ez genuen nahi hortik zehar ‘zintzilik’ gera zedin”.

Garden Records euren zigiluarekin autoekoiztutako lana bada ere, disko honetan Campi Campón izan dute lagun ekoizle lanetan, Vetusta Morla edota Jorge Drexler-ekin lan egin duen ekoizlea, eta bere ibilbide profesionalean 5 latin Grammy dituena. Gainera, New Yorken nahastu du lana Hector Castillo teknikariak, David Bowie, Björk, Rufus Wainwright, Philip Glass bezalako banden nahasketa lanak egin dituena.

Grabaketa modua orain arte egin dutenaren oso ezberdina izan dela azaldu dute taldeko kideek: “Diskoan entzuten den musikaren oinarria, estudioan zuzenean guztiok batera eta denbora berean grabatutako musika da, orain arte ez bezala”. Era honetan, taldeak duen zuzeneko indarra mantendu eta jaso dute disko berrian, zuzeneko demoaren energia  mantenduta. “Musika aldetik oso disko potentea da, zuzeneko energia duena”,  aitortu dute emaitzarekin oso gustura daudela gaineratuz.

Gainera, grabazio lanetarako, taldeko kide guztiak 4 egunez elkarrekin estudioan sartuta egon ziren grabaketan kontzentratuta. “Oso denbora gutxian grabatu genuen diskoa da eta oso intentsua izan zen dena”. Baina lan egiteko modu berri horrek talde izaera indartu eta sendotu egin duela ere aitortu dute.

Berrikuntza bezala, kantuen melodiak  sortzeko, oraingoan, sintetizadore bat erabili dute.  Hala, euren hastapenetan bezala, lokalean sartu eta sintetizadorea oinarri melodiko gisara erabiliz egin dute sormen lan hori, eta azken emaitzan, euren betiko estiloa eta kutsua hartu duela argitu dute. “Disko honek, aurreko diskoak baino estilo gogorrago bat hartu du musikari dagokionez eta Zea Mays taldearen arima ikusten zaio”, gaineratu dute.

Zuzeneko kontzertuen birari ekin diote dagoeneko, eta hainbat zuzeneko iragarri dituzte. Hala, gaur bertan Ondarroako Portuko Ranpi aretoan joko dute; bihar Logroñon dute hitzordua Biribay aretoan; azaroaren 22an, EH Sona Jaialdian egongo dira Bartzelonan; abenduaren 6an, Durangoko Azokan, Ahotsenean,  joko dute; Bilbon, abenduaren 20an, Kafe Antzokian izango dira; Iruñean, urtarrilaren 25ean; otsailaren 8an, Donostian; eta otsailaren 15ean, Gasteizeko Jimmy Jazz aretoan.

Kontzertuen eta disko berriaren xehetasun guztiak dituzue Zea Mays taldeak duen webgunean.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.

Cookie propioak erabiltzen ditugu, bai eta hirugarrenen cookieak ere, zure nabigatze-esperientzia eta gure zerbitzuak hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, euren erabilera onartutzat joko dugu.Ikusi cookien politika.

ACEPTAR
Aviso de cookies
Tresna-barrara saltatu