IKUS-ENTZUN

Zinebi Express, film labur bat grabatu nahi duen ororentzat zabalik

Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiak, Zinebi Express film laburren lehiaketaren 14. ediziorako deialdia egin du. Lehiaketa azaroaren 3tik 9ra egingo da, eta bertan parte hartzea edozein nazionalitatetako ikasleei eta talde tekniko eta artistikoei irekita dago. “Film labur bat grabatu nahi duen orok bere talentua probatzeko aukera izango du oso denbora gutxian”.

Lehiaketak aperitibo bat izango du: UNIKOAK: Uniaren ostean, zer?. Bertan, EHUn ikasi zuten ikus-entzunezko sektoreko hainbat profesionalek esperientziak partekatuko dituzte. Iker Zabala Radio Euskadiko kazetariak eta Maren Gonzalez, Mikele Landa eta Nagore Muriel zuzendariek parte hartuko dute Lara Izagirre ekoizle eta zuzendariaren moderazioarekin. Azaroaren 3an, ostirala, Bizkaia Aretoko Mitxelena auditorioan egingo den topaketaren ondoren, Zinebi Expressen parte hartuko duten film laburren gaia ezagutzera emango da.

Azaroaren 3, 4 eta 5eko asteburuan taldeek proposatutako gaiari buruzko film laburrak grabatu eta landuko dituzte. Lanak, Bizkaia Aretoko atarian entregatu beharko dira, astelehenean, hilak 6, arratsaldeko bostak eta zazpiak bitartean. Film labur guztiek gutxienez 2 minutu iraungo dute eta gehienez 5, animaziokoek izan ezik, horiek 30 segundoko iraupena izango baitute gutxienez. Kanpoko guztiak Bilbon filmatuta egon beharko dira.

Sariak 800, 600 eta 400 eurokoak izango dira, eta EHUkulturak film labur onenei emango dizkie sari horiek. Film labur sarituen proiekzioa, beste parte-hartzaile batzuekin batera, ostegunean, hilak 9, izango da Golem Alhóndiga zinemetan.

Zinebi Express Zinebik antolatzen du, EHUKulturarekin batera, Euskal Herriko Unibertsitateko Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultatearekin eta Arte Ederren Fakultatearekin, Euskal Herriko Zinema Eskolarekin (ECPV) eta Tartanga Lanbide Heziketako Zentro Integratuarekin lankidetzan.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button