MUSIKA

Getxoko Jazzaldiaren “Talde Lehiaketako” onena, Claudio Jr. De Rosa 4et taldea

Getxoko 43. Jazzaldia uztailaren 3tik 7ra egin da. Kontzertua handiak izan dira egunotan, bai eta hainbat talderen arteko lehia. Hala, Getxoko 43. Nazioarteko Jazzaldiaren Talde Lehiaketan Italia, Espainia eta Lituaniako musikariek osatzen duten Claudio Jr. De Rosa 4et banda onena izan da epaimahaiaren iritziz. Bigarren saria Szymon Klekowicki talde poloniarrarentzat izan da. Bakarlari onenari emandako saria Xavi Torresek eskuratu du. Publikoaren saria Marc Martín Trio hirukote katalanari eman diote.

Claudio Jr De Rosa (1992) Europako jazzean gailentzen ari den musikaria da. 2016an bere taldea sortu zuen, Xavi Torres (pianoa), Mauro Cottone (kontrabaxua) eta Augustas Baronasekin (Lituania). Haren lehen lana, Groovin’ Up!, 2017an kaleratu zen eta jazz indartsu eta freskoaren uztarketa da.

Bigarren saria irabazi duen talde poloniar gazteari dagokionez, Szymon Klekowicki multi-instrumentista eta konposatzailea du buru. Katowiceko Jazz eta Herri Musikaren Fakultatean graduatu zen, eta handik gutxira nabarmendu zen bere herrialdeko jazz eszenan. Nad Odrą jazz jaialdiko bakarlarien txapelketako finalista izan da, baita Swingujący Kruk nazioarteko musika jaialdiko jazz musikarientzako lehiaketako irabazle ere. Honako hauek dira bandaren kideak: Szymon Klekowicki (tronboia, tuba eta fliskornoa), Jakub Lepa (saxo altua), Marcin Dabrowski (saxo tenorra), Adam Jarzmik (pianoa), Tymon Trabczyinski (kontrabaxua) eta Piotr Budniak (bateria).

Sariak garrantzi handikoak dira:  Talde Lehiaketaren irabazleek 4.300 euro jasoko dituzte eta CD bat grabatuko dute zuzenean. Halaber, garaileek Lovainako (Belgika) B-Jazz eta Eivissako Jazzaldietan ere parte hartuko dute. Bigarren sariari 1.800 euro dagozkio eta, azkenik, bakarlaririk onenak 900 euro eskuratuko ditu.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button