MUSIKA

Punk kontzertu andana asteburuan

Zumaiako Torreberri gaztetxeak kontzertu interesgarria hartuko du ostiralean, Meconio, Moki Oki  eta Dezanatta punk taldeak arituko baitira. Igandean, halaber, Eat My Fear, Erring Soda eta Drumkopters taldeek joko dute Zarauzko Putzuzulo gaztetxean.

Ostiralean joko duten taldeen harira, Meconio Bartzelonako punk bikote feminista da, gitarra eta bateria. Orain arte disko bakarra plazaratu du, zIGoT.

Getariko Oki Moki bikoteak Ocean Breeze izenburuko kasetea plazaratu zuen iaz. Grabazioak bederatzi doinu zikin, baina gozo biltzen ditu, pop-etik zein garage-punk garaikidetik edaten dutenak, betiere, melodia itsaskorrekin jantziak. Honelako hitzak bota dituzte Oki Mokiren harira: “Pop-punk lo-fia. Kantu melodiko zaratatsuak. Hainbat bideo interesgarrien bidez haien kantu batzuk zabaldu eta gero, maiatzaren 1ean bederatzi kantu argitaratu zituzten”.

Azkenik, Dezanatta Mallorcatik datorren hirukote eklektikoa da. Musikari argentinarrek eta alemaniarrek osatutako egitasmoa da, eta askotariko estiloak fusionatzen dituzte: dub, hardcore edo funk, besteak beste. 2015ean, iraupen luzeko lan homonimoa plazaratu zuten.

Igandean, eta Queer feminist punks are taking back space lelopean, Berlingo bi taldek joko dute: Erring Soda (queercore) eta Eat my fear (hardcore punk). Erring Sodak bost kantuko Resist EPa argitaratu zuen iaz, eta Eat my fear-ek 2016an plazaratu zuen estreinako diskoa, taldearen izen berberarekin kaleratua. Bi horiekin batera, Zarauzko Drumkopters surf punk taldea arituko da.

Ostiralean, bestalde, Putzuzulon beste kontzertu bat izango dela jakinarazi digute: Lucky Malice, Norvegia, punk melodiko “goxoa”; Heksa, “Madrilen osatutako laukotea, Lucky Malice taldeko baterijolearen proiektu paraleloa”; eta Quercus Ilex, Madril, “talde gaztea eta hasiberria, vide granier punk estiloa jorratzen dute eta dena emateko prest datoz”.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button