LITERATURA

Anaïs Nin idazlearen ipuin erotikoak euskaraz

Txalaparta argitaletxeak Anaïs Nin (Neuilly, 1903 – Los Angeles, 1977) idazlearen Venusen Delta ipuin liburua argitaratu du. Liburua bihar, apirilak 9, aurkeztuko dute Donostiako Udal Liburutegiko Sotoan. Aurkezpenean Garazi Arrula Ruiz ipuinon itzultzaileak parte hartuko du.

Diruak behartuta Ninek ipuin erotikoak idatzi zituen aberats anonimo batentzat 40ko urteetan; ipuin bakoitzeko dolar bat ematen zion dirudunak. Idazlearen hasierako asmoa baina, ez zen ipuinok argitaratzea, bere ustez pertsonaiak muturreko karikaturak baitziren. Halere, 1970ean, iritzia aldatu, eta bi liburutan bildu zituen: horietako bat Venusen delta da.

“Ninek idatzitako istorioei erotismo hipnotiko bat darie, eta, haren pertsonaiek, karikatura izatetik urrun, nortasun propio eta sendoa daukate. Horien artean, leku berezia dauka guretzat Euskalduna eta Bijou ipuineko protagonistak; nazioarteko literaturan aurrenekoz beharbada, euskaldunok desira objektu gisa aurkezten gaituelako”.

“Munduko Bandarik Txarrena”, komikia

Bestalde, Txalapartak Jose Carlos Fernandes komiki egile portugaldarraren Munduko Bandarik Txarrena bilduma bikaina argitaratu du; Bego Montorio arduratu da itzulpenaz. Komiki honetan banda baten kideen arteko istorioak jasotzen dira. Harkaitz Canok ondokoa idatzi du argitalpen interesgarri honen harira: “Honenbestez, irakurle, hemen daukazu kriminal-mental saldo bat, literatura ona egitea ilea sutan duzula xakean jokatzea dela dakiena. Izan ere, Munduko bandarik txarreneko kideak krimenik lazgarrienak eta asmakizunik ederrenak egiteko gai lirateke, baldin eta jakingo ez balute horrek guztiak ez duela ezertarako balio”.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button