LITERATURA

Aurtengo Nobel Saria euskaratzeko beka

Arrasateko AED Elkarteak eta Elkar argitaletxeak, Kutxaren laguntzarekin, Jokin Zaitegi arrasatear idazlea gogoratzeko eta hark literatura unibertsala euskaratzen egindako ahaleginari jarraitzeko, XXVI. Jokin Zaitegi Sariketa antolatu dute beste behin, aurtengo Literaturako Nobel saridunaren lana itzultzeko erabiliko dena.

Dakizuenez, 2012an Suediako Akademiak Mo Yan idazle txinatarrari eman dio Literaturako Nobel Saria, eta Jokin Zaitegi Sariketa honen helburua Mo Yan-en Shifu yuelaiyue youmo ipuin-bilduma itzultzea da.

Edonork har dezake parte lehiaketa honetan. Horretarako, antolatzaileek proposatutako lagina (ipuinaren hasierako atala) euskaratu beharko du, eta egindako lana AED Elkartera bidali: aed@aedelkartea.com helbidera. Dokumentu bi igorri behar dira mezuaren barruan: batean, itzulpena bera aurkeztuko da, ezizen batekin; bestean, ezizen horren ostean dagoen itzultzailea nor den azalduko da, harremanetan jartzeko moduarekin batera. Aurkezteko epea 2012ko abenduaren 20an amaituko da.

Itzuli beharreko lagina antolatzaileek jarriko dute partehartzaileen esku,eta Internet bidez lor litezke, ondoko helbide honetan: www.elkarargitaletxea.com/jokinzaitegi  

Rafa Egigurenek, Miren Ibarluzeak eta Jesus Mari Olaizola Txilikuk osatutako epaimahaiak izendatuko du irabazle 2013ko urtarrilaren amaiera baino lehen.

Irabazleak 4.500 euroko saria irabaziko du Mo Yan-en ipuinak itzultzeko.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button