MUSIKA

Txiki Psych Fest jaialdiaren edizio berria

 

Donostiako Ayo Silver! Promotoreak Txiki Psych Fest jaialdiaren bigarren edizioaren berri eman du; festibala Donostiako Intxaurrondo auzoko kultur etxean egingo da, irailaren 13an, baina aurretik aurkezpen jaialdi batzuk ere egingo dituzte.

Aurkezpen emanaldi horiek Donostiako Dabadaba aretoan eta Iruñeko La Media Luna lokalean izango dira, abuztuaren 29an eta 30ean hurrenez hurren, eta bi data horietan ondoko taldeak izango dira agertokian: Celica XX, Ocellot eta Yemen Ra.

Hiru talde horiek, gainera, Txiki Psych Fest jaialdian ere parte hartuko dute, beste hainbat talderekin batera: Asteroid #4, Ringo Deathstarr, The Vacant Lots, Cheveu, Diego García, Microcosmos, The Feeling Of Love, Bakelite eta Dual Split.

Ayo Silver-eko kideek Asteroid #4 banda jarri dute kartelaren goiko aldean. AEBetako bandak 60ko hamarkadako pop eta psikodeliatik edaten du, eta The Windmill of the Autumn Sky (2013) lana aurkeztuko dute Donostian.

Jaialdian, AEBetako bigarren ordezkari bat ere izango da: Ringo Deathstarr. Elliott Frazier abeslari eta kantu-egileak eratu zuen taldea 2005ean, eta bi urte geroago estreinako EPa argitaratu zuen. Taldearen musikan, askotariko eraginak antzematen dira, tartean, Fugazi, My Bloody Valentine eta The Velvet Underground.

Bakelite bikote bermeotarraren partaidetza ere azpimarratu behar da; Azeriak izenburuko lan luzea argitaratu du aurten, eta harrera ona izaten ari da.

 

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button