IKUS-ENTZUN

Rock dokumentalak Zarautzen

I Love Rock Kultur Elkarteak Rockumentalak! Zarauzko Bosgarren Musika Dokumental Zikloa atondu du. Programa bihar bertan, ekainak 1, hasiko da D.A. Pennebaker zinegileak 1967. urtean filmaturiko Bob Dylan musikari estatubatuarrari buruzko Dont Look Back filmarekin. Emanaldian Eduardo Ranedo musika kazetari bilbotarrak parte hartuko du.

Proiekzioak egiteko Modelo zine aretoa berriro irekiko dute eta zikloa ekaineko asteburu guztietara zabalduko da. Zine emanaldiez gainera, kontzertuak eta arte erakusketa bat ere izango dira zikloaren baitan.

Ekainaren 8an, berriz, Greg Olliver eta Wes Orshoski zuzendarien 2010. urtean estreinaturiko Lemmy Mötorhead rock talde ingeleseko musikariaren gaineko filma izango da ikusgai. Emanaldi hau La Perrera eta Nuevo Catecismo Catolico taldeetako Gonzalo Ibañez musikariak aurkeztuko du.

Ekainaren 15an, Rolling Stones talde klasikoaren inguruko Gimme Shelter (Albert Maysles, David Maysles, Charlotte Zwerin, 1970) dokumentalaren txanda izango da. Emanaldia Mikel Azpiroz musikariak aurkeztuko du.

Azken obraren protagonista U2 talde irlandar arrakastatsua izango da. Izan ere, ekainaren 22an Phil Joanou zinegileak, 1989. urtean estreinaturiko Rattle and Hum lana proiektatuko dute, eta Carlos Molina aurkezle lanetan arituko da.

Kontzertuei dagokienez, ekainaren 9an bi emanaldi izango dira. Batetik, Lizardi Antzokian, 22:00etan, Capsula, Last Fair Deal eta The Ganjas taldeek joko dute. Bestetik, Modelo zine aretoan, 23:45, Anari eta bere taldekide Borja Iglesiasek Dylanen bertsioak joko dituzte, besteak beste.

Amaitzeko, erakusketaren harira, Iban Lafontek (Donostia, 1974) bere margolanak paratuko ditu Modelo zine aretoan Buru-bero izenburupean. Bertan, hainbat musikarik ezagunen potretak ikusi ahalko dira, hala nola, Amy Winehouse, Michael Stipe edo Bjork.

Zikloaren gaineko xehetasun guztiak Rockumentalak!-en webgunean biltzen dira.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button