IKUS-ENTZUN

Zazpi film eta 26 film labur lehiatuko dira FANT-en

Maiatzaren 4tik 11ra bitarte Bilbo zine fantastikoaren egoitza izango da. Hala, zortzi egunetan zeluloide garaikideaz eta klasikoaz gozatzen aukera izango da. Atzo jakinarazi zituzten, hain zuzen ere, aurtengo edizioaren nondik norako guztiak Bilboko Udaletxean eginiko prentsaurrekoan.

Aurtengoa FANT zinemaldiaren 18. edizioa izango da eta film luzeen sekzio ofizialean zazpi pelikula lehiatuko dira. FANT Laburrean film laburren atalean berriz, 26 pieza ikusi ahalko dira, erdiak euskal egileek egindakoak. Horretaz gainera, maiatzaren 5ean, Nontzeberri webguneak urtero abiatzen duen Nontzefilmak film laburren lehiaketaren lan irabazleak eta inskribaturiko film onenak proiektatuko dira; sari banaketa ere egingo da egun horretan. Guztia Bilboko Alondegiko Golem zine aretoetan gertatuko da.

FANTen egitaraua Antonio Trashorras zuzendariaren El Callejón filmak zabalduko du maiatzaren 4an, 19:45ean. Film hori Sekzio Ofizialaren baitan lehiatuko da beste seirekin batera: The Divide (Alemania / EEUU/ Kanada, 2011); Hobo with a shotgun (Kanada, 2011); Bellflower (AEB, 2011); Fase 7 (Argentina, 2011); Livide (Frantzia, 2010), eta Devoured (AEB, 2012).

Sekzio ofizialaz gain, hainbat emanaldi eta ekitaldi izango dira. Horrela, Phenoomena Experience delakoaren saio bat egingo du estreinakoz. Aurkezpenak, garai ezberdinetako iragarkiak, sorpresak eta bestelako elementuak biltzen dituen emanaldi bikoitz hau 70eko, 80eko eta 90eko terrorezko klasikoak berreskuratzeko festa da. Hala, Bilbon bi film klasiko ikusi ahalko dira: Stanley Kubricken The Shining (1980) eta Sam Raimiren Evil Dead II (1987).

Film klasikoei dagokienez, Roman Polanskiren Repulsion (1965) eta Rosemary’s Baby (1968) eta Richard Fleischerren The Boston Strangler (1968) proiektatuko dituzte, besteak beste. FANT Erreskatean zikloak, halaber, Javier Setóren La Llamada eta Eloy de la Iglesiaren La semana del asesino eskainiko ditu. Urtero ematen duten Fantrobia saria, berriz, iaz estreinatu zen Eva filmaren Kike Maíllo (Barcelona, 1975) zuzendariak jasoko du.

Nabarmenbdu behar dugu maiatzaren 5ean, Nontzeberri webgunean urtero egien duen Nontzefilmak film laburren lehiaketaren sari-banaketa eta lan onen proiekzioa izango dela. Aurten 22 bat lan ikusi ahalko dira eta horietako asko, gainera, egile euskaldunek eginak. Filmon zerrenda osoa hemen ikus dezakezue.

Zinemaldi fantastikoaren egitarau zabala FANTen webgunean jasotzen da.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button