MUSIKA

Radio Birdman-en energia handia zabalduko da gaur Bilbon

Radio Birdman 1974an eratu zen Australiako Sydney hirian, eta harrezkeroztik gitarrek bultzatutako high-energy rock-estiloaren aitzindari bihurtu dira. Bada, gaur, Bilboko Kafe Antzokian izango dira.

Rob Younger abeslaria eta Deniz Tek gitarra-jotzailea dira bandaren buruak, eta 70eko urteetan, ezinbesteko bi disko grabatu zituzten: Radios Appear (1977) eta Living Eyes (1978), lehenengo eta bigarren grabazioak, alegia.

Lehenengo etapa horretako kontzertuak sekulakoak izan ziren, nazi jantzita agertzen ziren, eta antipodetako rock eszena irauli zuten. Stooges eta MC5 talde mitikoen jarraitzaile sutsuak, Radio Bridmanen diskoak gitarra biziekin josita daude, bai eta melodia itsaskorrekin ere.

1978an taldea desegin zen, baina 2006an itzuli egin ziren; Zeno Beach izenburuko lan berria ere grabatu zuten. Aurretik, 2001ean, Sub Pop diskoetxe ezagunak The Essential 1974-1978 bilduma plazaratu zuen. Sasoi hartan, Gasteizko Azkena Rock Festival jaialdian ikusi genituen, eta gaur, ostera, Bilbon izango dira.

Gaur egun taldea honakoek osatzen dute: Rob Younger (abeslaria), Deniz Tek (gitarra-jotzailea) eta Pip Hoyle (teklatuak) jatorrizko kideek, Jim Dickson baxu-jotzaile (Barracudas, The New Christs, Deniz Tek Group…) eta Nik Rieth bateria-jotzailea eta Dave Kettley gitarra-jotzailea, biak ala biak Younger-ek aspalditik zuzentzen duen The New Christs-eko musikariak.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button