MUSIKA

The Gories estatubatuarren garage-rock gordina, Gasteizen eta Iruñean

AEBetako Detroit hiriko Gories taldeak Gasteizko Helldorado aretoan joko du gaur, 21:00eatatik aurrera, Los Catacumbos taldearekin. Bihar, halaber, Iruñeko Nebula tabernan izango da. Hirukoteak 1989an argitaratu zuen lehendabiziko diskoa, Houserockin (1989).

Lan horrek izandako harrera onaren ondorioz, 50 eta 60ko urteetako rhythm and blues klasiko ezkutuak txikitzen zituen kultuzko garage-rock banda bihurtu zen.

Bi gitarra eta bateria primitibo bat erabiliz, sekulako zirrara eragin zuen rock underground-aren eszenan, 80ko hamarkadaren amaieran eta 90eko hasieran. Halere, bi disko gehiago baino ez zituzten plazaratu: I Know You Fine, But How You Doin (1990) eta Outta Here (1992). Horiekin batera, zuzeneko bat argitaratu zen 2013an, The Shaw Tapes: Live In Detroit 5/27/88. Iraupen luzeko disko horiei beste hamar bat single gehitu behar zaizkie.

Ibilbide laburreko taldea izanagatik ere, taldekideek musika munduan aritu dira tarte luzez: Mick Collins gitarra jotzailea Dirtbombs taldearekin, eta Dan Kroha, beste gitarra, Demolition Doll Rods bandarekin.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button