MUSIKA

Ainguraren indar eta pisu musikala

Loraldia festibaleko produkzio arduraduna Aitor Narbaiza, Lutxo Egia idazlea, eta Mikel Inunziaga kantaria  bildu dira gaur goizean, Bilboko Kafe Antzokian, Inun kantautore zornotzarraren disko berria aurkezteko: Aingurak. Lanaren aurkezpenarekin batera, ostegunean, Inunek Bilboko Kafe Antzokian emango duen kontzertua ere aurkeztu dute.

Bedatsea etortzear dela, eta Berreginez eta Da Nola lanak argitaratu eta gero, Mikel Inunziaga kantariak, disko berri hori ekarri du: Aingurak.

Lutxo Egiaren hitzetan, “aingura, indar handiko irudia da. Izan ere, zeintzuk dira gure aingurak? Denok estekatzen gaituzten aingurak badaude, denok ditugulako. Baina era berean, aingura zerbait positiboa ere bada, sendotasuna erakusten baitu, deribaren kontrako elementua baita, eta orekarako giltza ere bai. Hain zuzen ere, disko berri honetan, nik oreka ikusten dut”.

Inunek azaldu du Jon Benitoren Aingurak erreketan poematik hartu duela titulua, izan ere, “poema hura irakurri nuenean pentsatu nuen: hauxe musikatu egin behar dut”. Eta hala izan da. Benitoren hitzekin batera beste idazle eta lagun batzuen hitzak jaso ditu disko “artesanal” honetan, tartean, Iñaki Mendizabalenak edota Iñigo Astizenak.  Azken idazle horrena da harrera paregabea izan duen Piztia zaurituak izeneko kantaren letra (kanta horrekin bideoklipa ere gauzatu du kantariak).

Disko berriak aurreko bi diskoen hibridazio bat dela esan du Inunek, “hobekuntza asko tarteko, baina lehengoaren freskotasuna eta makillaje gutxi ditu, eta bigarrenaren instrumentazio landuago bat”.
Diskoan zortzi kanta sartu ditu, eta euren lerroetan “gaurko egoera sozialari eta norbanakoari buruzko galderak eta kritikak planteatzen ditut”.  Ez da tristeziaren apologia bat, ez zuen oso disko iluna egin nahi, baina kanta gogorrak eta pisutsuak egon badaude, baina musikarekin “suabizatu” egin ditu kantariak.

Ostegunean emango duen kontzertuaren harira, bandarekin etorriko da lana aurkeztera, “diskoa grabatu dudan musikari lagunekin eta banda  izango denarekin”, eta biran arituko da, hortaz,  honakoekin: Argibel Euba, baterian; Dani Tomás, gitarra elektrikoan; Bihotz Gorospe, koro eta perkusioekin; Ekain Alzola, baxuan; eta kontzertu honetarako Sergio Mayoral tronpeta-jolea ere izango da.
“Aurkezpen kontzertua mimo handiz prestatzen ari gara, gauza polita egingo dugulakoan nago, bai horixe!”

Gogoratu, geure aingurak nolakoak diren jakin nahi baduzue, Inunek Bilboko Kafe Antzokian egingo du kontzertua, ostegun honetan, hilak 22, gaueko 10:00etan.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button