MUSIKA

Ainara Legardon, Amorante, Rrucculla eta Elkano Browning Cream, Kalegorrian jaialdian

Urretxu-Zumarragako kolektibo kulturala da Kalegorrian, eta urtero, izen bereko jaialdi txiki baina erakargarria ondu ohi du Santa Barbaran. Aurten, jaialdia egun bakarrekoa izango da (ekainak 3); bi eguneko izan ohi da. Emanaldiak eguerdian hasiko dira, iluntzera bitarte.

Hala, 12:00etan, Ainara Legardonek iaz argitaratutako lan homonimoa aurkeztuko du. Lan pertsonala da, rock erritmoak eta giro esperimentalak uztartzen dituena. Xabier Erkizia soinu-artistak ekoitzitako lana da, Berako Mik Estudioan. Legardonen seigarren diskoa da. Bere hitzetan, “estudiotik beste hizkuntza batean abesten atera naiz, bi bozgorailu gutxiagorekin, berreskuratutako bi gitarrarekin eta oihartzunetan oinarritutako mapara batekin. Izenburua bilatzea baino ez zait falta. Edo agian, ez”.

Gero, 13:15ean, Amoranteren txanda etorriko da. Iban Urizar musikariak binilozko singlea plazaratu zuen iaz. Singlea edizio mugatua da, baina sarean ere entzun daiteke. Bi abestiok hauexek dira: rumba oihartzunak haizatzen dituen Brueghel zarra eta Joxe Mari Iparragirreren Manuela kantuaren bertsioa.

Arratsaldea, bestalde, Rrucculla musikariaren txanda izango da, 18:00etatik aurrera. Izaskun Gonzalez barakaldarra da Rrucculla, eta bere proposamenaren bitartez jazz ukitua duen elektronika abstraktua haizatzen du.

Azkenik, 19:30ean, Elcano Browning Cream arituko da. Franck Mantegari (bateria), Dave Wilkinson (gitarra, ahotsa) eta Mikel Azpiroz (Hammond) musikariek osatzen dute jazz kutsuko proiektu dantzagarria. Oraintsu, Bor Bor izenburuko lana plazaratu dute.

Horrekin batera, 16:00etan, TxikiArt umeentzako tailerra izango da. Egun osoan, halaber, DJ Beirut giroa berotzen arituko da.

 

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button