MUSIKA

Amorante eta Alvaro Barriusok Gernikan joko dute gaur

Amorante eta Alvaro Barriuso Gernikako Trinkete Antitxoko aretoan izango dira gaur, 21:30etik aurrera.

Burgos hiriko Alvaro Barriusok Siempre volviendo a casa izenburuko lana aurkeztuko du. Barriusoren disko berria Ursula K. Le Guin idazleak idatzitako Always coming home (1985) zientzia fikziozko liburuan oinarritzen da. Irakurketa hori poesiaz eta folk bitxiaz jantzitako hamar kantutan gauzatu du Barriusok, gitarra eta ahotsaz lagunduta.

“Eleberri hori osatzen duten dokumentu anitzetan, fantasia, zientzia fikzioa eta antropologiaren artean, idazleak aurkitutako testuak, elezaharrak, kontakizun laburrak, abesti folklorikoak, errezetak, antzezlanen transkripzioak.. batzen ditu. Errezitatua edo abestua izateko egina izan den poesia esaten du, berak entzun dituen moduan”.

Amorantek, berriz, aurten argitaratuko duen binilosko singlea aurkeztuko du. Zazpi hazbetekoak bilduko dituen bi abestiok hauexek izango dira: rumba oihartzunak haizatzen dituen Brueghel zarra eta Joxe Mari Iparragirreren Manuela kantuaren bertsioa.

Amorantek, iaz, bost kantuko lehen lana ondu zuen, “soinu-postal” formatuan. Formatu berezi horretan bost postal bildu zituen, eta postal bakoitzak kantu bat deskargatzeko kodea zuen. Oraingoan, berriz, biniloaren aldeko hautua egin du, baina orain ere iraupen laburreko grabazioa lehenetsiz.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button