EZLEKUBAT

150 gr bihozkada mesedez!

Aurten lehenengoz molde txikiko antzerki, dantza, eta arte ezseniko desberdinetako ikuskizunak batzen dauzan “150 gr” ekitaldira joateko aukera izan dot, eta proposapen interesantea begitandu jata. Hasteko Gasteizko Gorbeia-Zaldiaran kaleko merkatua aukeratzeak emanaldi desberdinak antzezteko ikusleari halako konplizitatea eskatu deutso; hain zuzen be, merkatu zaharrera erosketak egitera joan beharrean, antzerki laburrez disfrutauteko inbitazinoa zentzumenak zorrozteko. Gainera, zeozeinek pentsau baleike be, jendez gainezka dagoan merkatu bera promozionateko ikuskizuna dala, dasdaketa eta ardo txuriz lagunduta diseinu berriko merkatua dala Gorbeia-Zaldiarangoa, guztiz konfundituta egongo litzateke, ze saltoki gehienak zarratuta daukazan auzo merkatua da. Horregatik, bultzada behar daben auzoko denda txikiei laguntzeko eta hainbat antzezleen beharra ezagutzeko antolatu da hiru egunetako ikuskizun hau.

Eguazten arratsaldez lau ikuskizun ikusteko aukerea izan dogu; laurak espazio txikian, aurreko denda barruan bertan, horrexegatik hogeitamarren bat ikusle izan gara asko jota. Beraz distantzia motzean, eskenatokia ikusleen pare, aktoreek antzeztu dabe euren ikuskizuna espazioari beste zentzu bat emanez, egunerokotasuna eta artea lotuz aldarrikapenera, ze sarri auzoa zaindu eta eraberritu beharrean bertan bera laga eta urruntzen gara inertziak eroanda. Sartu garenean merkatura zabalik egoan harategi baten aurretik pasau gara, pasiloko gainontzeko postuak zarratuta egozala: arraindegia, fruta denda, bakalau eta kongelatuak era guztietako dendak itxita. Harrituta, gainbehera etorritako azokan bertan ikuskizuna noiz hasiko zain, Antonio Lopez margolariak disenaitutako espazio errealista barruan banengo lez sentidu naiz.

Ikusi dogun lehengo antzezlana Detritus teatrusen Hot Flash izan da, Belen Nevadok, Betina Sagrarion paperean, ez dautsa laga trenari aurrera segi egiten bera Datoko estazioan lagata. Pertsonaia sekulako bizitasun eta alaitasunez azaldu jaku, Detritus teatrusek beti eskeintzen dau errealitateari aurre egiteko behar dan grina eta umorea. Gu geuk, ikusleok, dogu begirada eta aldartea aldatzeko beharra, ze ezelako eskandalu barik, harridura eta inozentzia uztartuz, arazoak sortzen doguzan lez konpondu geinkezala erakusten deusku beti Belenek, inoiz ahaztu barik muturreko egoeretan gizakiok berez dogun duintasuna.

Ikusi dogun bigarren ikuskizuna Daniela Perezen Eva izan da, dantza garaikidea oinarri, mendebaldeko gizakion kultur sustraiak izan ditu erreferentzia, ikusleok montaia dastatzera gonbidatuz. Sagarra, bekatu baldarra, mendeetako zapalkuntza kaskarra salatuz, dantza, argi eta soinu ikuskizun desberdina izan da, benetan eskema apurtzalea.

Ondoren Mikel Losada eta Diego Pérezen Herodes antzezlana ikusi dogu. Aktoreek umeen hilketan pentsaten dabilzan bi ejekutibo azaldu deuskue; baina errealitatetik urrun, halako umore eta ironia sinesgaitzez gainezka, zein hurbil, gizakia gizakiaren etsairik krudelena dala salatuz. Aktoreen lana benetan azpimarragarria begitandu jata, ze ironiak muturreko egoerara eroanda erakutsi ahal deusku, gezurra emoten badau be, errealitatea pentsaturiko krudelkeririk gogorrenaren pare dagoala.

Azkenik, Arimaktore konpaniaren Mundu berri bat deiturikoa ikusi ahal izan dugu. Izugarri gustau jata, ze bi aktoreek sekulako beharra egin dabe oso ondo landutako testua oinarri dabela. Bikote batek autobus geltokian topo egin, eta bien arteko elkarrizketa arruntak azalarazten dau sakoneko egoera, bata bestearen osagarri delarik, pertsonai baten ausardiak lagunduko deutsa besteari indartsu izaten egoeraz aldatzeko. Oso planteamendu arruntetik abiatuta, ustekabean egoeraren sakontasunean atrapauta sentidu gara, ze ikuskizunaren erritmoak irribarretik haserrera eroan gaitu pertsonairen samina geure eginez. Benetan txalogarria eginiko lana.

Merkaturik irteterakoan sekulako erosketak eginda lez sentidu gara; denda desberdinetako janariak erosi beharrean, ikuskizun desberdinen lekuko, disfrutau dogu formatu txikiko antzezlan desberdinez Gorbeia Zaldiaran merkatuan, ea barriro be halakoren bat errepetiduteko aukerea dogun!

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.

Cookie propioak erabiltzen ditugu, bai eta hirugarrenen cookieak ere, zure nabigatze-esperientzia eta gure zerbitzuak hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, euren erabilera onartutzat joko dugu.Ikusi cookien politika.

ONARTU
Aviso de cookies
Tresna-barrara saltatu