IKUS-ENTZUN

Zinebi jaialdiaren aperitibo gisan PreZinebi

Kultur elkarteek eta zine alorreko hezkuntzan eta prestakuntzan ari diren eskolek euren azken proiektuak aurkeztuko dituzte PreZinebin, azaroaren 4tik 11 bitartean. Honen ostean Zinebi jaialdiak ateak zabalduko ditu.

Ibone Bengoetxea Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza zinegotziak esan duenez, “laugarren urtez jarraian, Euskadiko Ikus-entzunezkoen sektorean lan egiten duten erakundeek, taldeek, elkarte profesionalek eta prestakuntza zentroek hartuko dute parte ekimen honetan, ikus-entzunezko produkzioa Euskadiren kultura eta ekonomia bultzatuko duen motor bilakatzeko lanarekin konpromisoa duten pertsona guztien sormena eta lana erakusteko.” 

PreZinebi ostiralean, azaroaren 4an, hasiko da, 20:00etan, Miguel Angel Vivas zuzendariaren Secuestrados (Espainia, 2010) filmaren emanaldiarekin. Simone de Beauvoir talde feministaren eskutik, Señora De filma (Espainia, 2010) ikusi ahalko da larunbatean, azaroaren 5ean, 20:00etan.
Astelehenean, azaroaren 7an, 20:00etan, Zabalgunea Eraikineko Atarian, Euskal Herriko Unibertsitateko Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultateko (EHU-UPV) eta Erandioko Tartanga Institutuko ikasleek egindako lanak emango dira.

Azaroaren 8an, FAS Zineklubaren eskutik, Arriya euskal luzemetraia aurkeztuko da. Ondoren, Iñigo Muguruzak eta Lurra musika taldeak kontzertua eskainiko dute. Asteazkenean, azaroaren 9an, eskolei eskainitako erakusketaren bigarren saioa egingo da, Arte Ederren Fakultatean, Kineman eta Anima Eskolan egindako lanekin.

Beste aldetik, Zinebiexpress lehiaketak bere laugarren edizioa abiatuko du. Izen ematea larunbatean, azaroaren 5ean, izango da, Barrainkuako Kultur Etxean (Barrainkua kalea, 5), eta une horretan jakinaraziko da laburmetraien gaia. Partaideek 48 ordu izango dituzte euren proiektuak egiteko. Egitasmoak Zabalgune Eraikineko Atarian entregatu beharko dira, astelehenean, azaroaren 7an, 18:00etatik 19:30era. Lan irabazleak 700 euroko saria jasoko du, eta bigarrenak 400 euro. Ostegunean, azaroaren 10ean, 20:00etan, film irabazleak eta aukeratutakoak proiektatuko eta sariak banatuko dira.

Informazio guztia kontsultatu ahal duzue hemen.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Back to top button