IKUS-ENTZUN

“Geruzak”, pentsamendu kritikorako espazioa

Gazteen kezka eta galderetatik abiatutako Geruzak webgunea jaio da, Elkar argitaletxearen eta Jakin aldizkariaren elkarlanarekin. Ikus-entzunezko formatuan, gogoeta pizteko gunea da, gazteak protagonista.

Hala, dokumental horietako protagonistak Euskal Herriko leku eta errealitate soziolinguistiko, kultural eta politiko desberdinetako gazteak dira, elkarren artean gai jakin baten inguruan solasean.

Gai, auzi edota pentsamendu anitzak dira ikus-entzunezkoen oinarri, kaiera tematiko propioarekin eta kultur diziplina desberdinetako erreferentziak oinarri hartuta.

Lorea Agirre, Jakineko zuzendariaren esanetan, “gazteak dira jomugan. Gai eta auzi jakinen bueltan, gazteen hitza, gazteen bizipenak, pentsamenduak, kezkak, usteak eta hipotesiak jaso nahi izan ditugu eta dokumentaletara ekarri”.

Gazteak libre dira euren ideiak partekatzen eta harilkatzen. Elkarren aurrean biluzteko edo janzteko gonbitea da. Helburua: gogoeta gehiagoren sorburu izatea. Gainera, Agirreren hitzetan, hausnarketarako espazio honek “euskaratik pasarazi” ditu euren kezka eta interesak, eta euskarari esparru hori ematea ere bada xede.

Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak babestutako ekimenak, pentsamendu kritikorako espazio bat zabaltzen du, eztabaida sustatuz eta kultur transmisioan eraginez.

Momentuz, lehen dokumentalean, bost gaztek, “desira”, “sormena”, “askatasuna”, “boterea”, “ondo bizitzea” eta “taldetasuna” aletzen dituzte. Aurrerago, atal gehiago egiteko aukera zabalik utzi du Alaitz Aizpuru Elkar Argitaletxeko ordezkariak eta “pentsamendua”, “antzerkia” edota “feminismoa” ere izango dute gazteek solasgai.

Webgunearen helburua, ordea, haratago doa: kultur disziplina desberdinetako adituek proposatutako erreferentziak kontsultatzea, euskal kulturaren transmisioa indartze aldera. Aizpuruk azaldu bezala, “gai bakoitzari buruz, dantzan, bertsolaritzan, literaturan eta musikan dauden piezak egongo dira ikusgai”.

Alaitz Aizpuruk iragarri du aurrez aurreko estreinaldiak egingo direla udazkenean Euskal Herrian barrena: urriaren 19, Donostiako San Telmo Museoan; azaroaren bigarren hamabostaldian Tuteran; eta abenduaren 9an, Durangoko Azokaren baitan, Irudienean.

Informazio gehiago duze Jakin.eus atari digitalean.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button