ARTEA

Urteari amaiera emateko, programazio ederra atondu du Azkuna Zentroak

Gaur goizean, Azkuna Zentroa-Alhondiga Bilbaok urtea amaitu baino lehenagoko hilabeteetako programazio kulturala aurkeztu du. Horren gaineko xehetasunak emateko, Gonzalo Olabarria Bilboko Udaleko kultura ordezkaria, Fernando Perez Azkuna Zentroko zuzendaria, eta Rakel Esparza programazio arduraduna bildu dira. Eurekin batera, bertako egonaldietan edota bestelako proiektuetan  jarduten duten hainbat artistaren presentzia izan da.

Azken hilabeteetako programazioa hainbat ardatzetan banatuko da. Hala, Kultura Garaikidea eta Teknologia atalak laster batean zabalduko ditu bere ateak Open Codes. We are datak izeneko erakusketarekin. “Alemaniako Karlsruhe-ko ZKM Media eta Arte Zentroaren koprodukzio honetan nazioarteko hogei artistak bizitoki dugun munduari buruzko hausnarketa egiten dute”.
Fatxada proiektuak (gaur egun, Susana Blascoren No rain, no gain) ere artista berri baten lana jasoko du. Ane Pikaza artistak Atentamente mia izeneko obra jarriko du azarotik aurrera. Beste aldetik, Jaiotz Osak eta Sigrid Stigsdatterek gaur egun egiten duten dantza egonaldia garatuko dute, eta Dansateliers Rotterdam dantza garaikideko zentroarekin lotuko dute harreman hori. Abenduan estreinatuko dute Suddenly III, “segundo batez geldiarazten gaituzten bihozkadetatik abiatuta”.
Praktika Artistikoen egonaldiaren barruan,  Alina Alguila artista kubatarra eta Tana Garrido artista euskalduna lanean izango dira Azkuna Zentroan. Eta Artista AZ kide proiektuaren bitartez, Oscar Gomez Matak Deriben Katalogoa egingo du, eta Sra Polaroiska kolektiboa (Alaitz Arenzana eta Maria Ibarretxe) Emakume Jakintsuen Kontseilua (Consejo de sabias) egingo dute.

Zinema da beste atal garrantzitsu bat Azkuna Zentroan. Erabat arrakastatsu izan den Zinemaren historiako 50 harribitxi programa zabalduko da, eta Zinemaren historiako 100 harribitxi bihurtuko da.
Playtime Audiovisuales-ek komisariatuta, Zinema irekia. Etorkizun berria asmatuz zinema garaikideko ziklo berria ere irekiko da, aro post-digitalean dugun errealitateari buruzko zientzia fikzio, utopia eta distopiei buruz hausnartzeko.
Zineak ere bestelako sinergiak ahalbidetuko ditu: Zinebi, Zinexit, Zinemakumeak Gara!  eta abar.

Arte Biziak sailak dantza, performance, forma berriak, musika, soinu eta musika esperimentaleko programazioa bilduko ditu. Urrian, eszenari hasiera emango dion taldea Matarile Teatro izango da, Daimon y la jodida lógica antzezlanarekin. Oholtza gainean ere, La Tristura edota aipatutako Osa+Mujika konpainia izango dira. Euskara ardatz duen antzezlan eder bat ikusteko aukera ere egongo da: Ghero

Musika eta Soinua atalak Hotsetan programarekin lotura estua gordeko du beste behin. Bertan eskaintzen diren entzunaldietan, makina bat artista izaten dira. Etorriko diren batzuk, Jean-Luc Guionnet & Lotus Khouri eta C. Alex McLean & Sarah Rasines izango dira.

Teknologia eta kultura digitala ere presente egongo dira Suspergintza Fundazioarekin batera sustatutako Haritu laborategiaren bidez.

Kontu asko udazkenerako eta negu atariko egunetarako, Azkuna Zentroan.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button