LITERATURA

Leku askotara joateko ateak zabalduz

Katixa Agirre eta Maite Larburu Literatura eta Musika Euskaraz zikloan arituko dira gaur, otsailaren 21ean, Arriaga Antzokiko foyerrean Kax-kax-kax! izeneko errezitaldian. “Ate” hitza kontzeptu gisa erabiliz, leku askotara joateko proposamena luzatuko dute sortzaile biek.

Gaurkoan, idazle eta kazetari batek (Katixa Agirre), eta abeslari eta instrumentista batek (Maite Larburu) musikaren eta hitzen munduak batzeko ideia zabalduko dute. Errezital horretan, “Agirrek eta Larburuk hitz bat dute abiapuntu, hain zuzen, mundu imajinagarri guztietarako pasabidea irekitzen (eta ixten) dien hitza: ate. Hitzak, kontzeptu gisa, esanahi eta konnotazio ugari ditu, eta bi artistek erabili egingo dituzte errezital honetan, aldi berean dibertituko eta pentsaraziko diguten promesarekin.”

Aipaturiko ikusgarrian, Katixa Agirrek eta Maite Larburuk honakoaz arituko dira: “Zer da bizitza? Ate segida bat. Batzuk ireki egiten dira, beste batzuk ez. Kax-kax-kax! Nor da? Atea igarotzera goaz baina oina geratzen zaigu atrapatuta. Ate birakariak zer dira ba? Behin eta berriro kontatzen diren txisteak. Kax-kax-kax edo kar-kar-kar? Atea jo dut eta ireki egin da. Nor da? Barrutik ari nintzen deika.”

Atea bizitzaren metafora bat da. Ate asko zeharkatzen ditugu bizitzan zehar, eta azkenik, bizitzaren amaierara iristen garenean azken ate hori zeharkatu behar dugu. Ate mordoa, bakoitza bere izatearekin. Lan honetan bizitzari buruz hitz egiten dute bi sortzaileek, gauza sakonei buruz, baina umore askorekin ere.

Katixa Agirre (Gasteiz) Sua falta zaigu (Elkar, 2007) eta Habitat (Elkar, 2009), Atertu arte Itxaron (Elkar, 2015) argitaratu ditu. Bere azken lan arrakastatsua Amek ez dute (Elkar) izan da.

Maite Larburu Hernani eta Amsterdam artean bizi den biolin-jole nomada bat da. Josh Cheatham biolaganbista estatubatuarrarekin batera Neighbor bikotea sortu zuen eta Ura patrikan (2013) debuta argitaratu zuen. 2019an, Hezurren azpian argitaratu zuen.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button