Isabel Herguera artista donostiarraren lanak pantailaratuko dira gaur Azkuna Zentroren, 19:00etan. Zentro horren arabera, “bertaratuek bideo-artean hasi zenetik animaziozko zinean bukatu bitarteko ibilbidea ezagutu ahal izango dute”.
Oraintsu, Kalebegiak film kolektiboan parte hartu du, zeinak Donostiako hamabi potreta erakusten dituen; Donostiako azken Zinemaldian aurkeztua izan da.
Alemaniako Dusseldorf hirian hasi zen zinemagintzan, bertan ezagutu baitzuen animazioa. Laster, Los Angeles hirira joan zen, hainbat animazio-estudioetan jardutera. Publizitate esparruan aritu ostean, Indian eta Txinan ibili da.
Bere obran kultura eta hezkuntza uztartzen ditu. “Etengabeko bidaiak begirada kutsatzen du, moldatu egiten du bizitza eta jarduera artistikoaren arteko mugak lausotzen dituen estetika. Batzuetan zuzendari bezala, beste batzuetan ekoizle moduan, Isabel Herguerak proiektu hibridoetan egiten du lan. Kultura edo hizkuntzako proiektuak izanik, eguneroko bizitzaren xehetasunak dira nagusi edukian”.
Topaketa hau BIdeOtik programaren baitan egingo da. “Ikus-entzunezko bestelako narratibei begira jarrita, bideoaren bidez inguruan dagoena erregistratu eta irudikatzeko modu berriak ekartzen dituen zikloa”.
Informazio gehiago: azkunazentroa.com.