EZLEKUBAT

Euskarazko fanzineen topaketa

Gitarra artezten eta berotzen zebilen Irazoki, Bilboko Hika Atenenoko tabernan barneratu ginenerako. Probak itzelak izan ziren.

Hormetan Oihenart poeta zaharraren bertsoekin batera (“…nire mina sendo ez liro zuk baizei bizian,…”) alderdi komunistaren lerro panfletarioak irakur daitezke, izan ere hormak literaturaren erakustoki ederrak dira. Bertako letren gainean Unai Endemaño argazkilariak Riff izoztuak izenburuko argazki-erakusketaz goza zitekeen. Metal estiloko banden zuzeneko potente eta izerditsuak bildu ditu.

Jendea etorri ahala, gauzak bere tokia hartuz joan ziren. Mahaiak jarrita zeuden 19:00etan hastekoa zen Euskal Fanzineen gaineko berbaldia  ontzeko. Atzerapenarekin Izu Giroa, Barnezine, Pop Pilulak eta La Tourette argitalpenetako kideak bildu ziren mahaiaren bueltan. Nor bere fanzinea zertan den esanez eman zitzaion hasiera berbaldiari, sofistikaziorik gabe, naturaltasunez, historiaz eta euskararen aldeko hautuaz mintzatuz.

Gotzon Hermosillak Izu Giroa punk-rock, hardcore eta bestelako musika estilo biziei buruzko fanzine beteranoaren aita da, eta aleek bizi izan duten ibilbide eta bilakaeraz aritu zen. Gotzonek munduko kultura guztiek dituzten kontrakultura aldarrikatu zuen. “Gure kulturak ere bere kontrakultura behar du, eta agian, gure proposamenak hor kokatu behar dira”. Pop Pilulak, pop-kulturaren gaineko kultur fanzinearen ardura duen Julen Azpitartek ondokoa gaineratu zuen: “Hizkuntza txiki bat duen lurraldean, txikitasuna bilatzen dugu”. Azpitartek bere proiektuaren detonanteaz ere aritu zen; euskalgintza ez den beste zerbaiti buruz hitz egiteko bokazioaz jaio den paperezko aleez aritu zen gero. Barnezine, aldiz, ez da paperezko fanzine klasikoa, sarean argitaratzen baita. “Eremulauak blogetik sortutako kultur bloga da, eta kanpoko edukiei garrantzi berezia ematen diegu”, esan zuen Iñigo blog-zinearen arduradunak.

Azkenik, sormena lantzen duen La Tourette paperezko fanzineari buruz, Diego eta Ana aritu ziren, eta prebisibleak ez ziren datuak eman zituzten standing handiko argitalpenaz.

Mintzaldi interesgarriaren ostean, Joseba Irazoki igo zen oholtzara eta hasierak eztandarazi zituen dezibelioekin ez zen jendea hoztu. Nafarra one-man-band edo gizon-orkestra formatuan aritu zen, musika ez-enbasatu gisan, mantraren indarra haizatuz. Bonboaren golpe bortitzak, gitarraren riff gogorrak, poserako ez diren keinu epileptikoak, eta bat-bateko koreogarfia urduriak osatu zuten protokolorik ez zekarren Laboa post-modernoaren kontzertu hipnotikoa.

Espektatibak bete ziren ekimen honekin. Ia bigarren bat laster batean antolatzen den.

Nontzeberri

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button