ESZENA

Umore Azoka, kaleko artisten bilgune erraldoia

Atzo aurkeztu zen Umore Azoka 2014-Leioako Kaleko Artisten Azoka; maiatzaren 15etik 18ra egingo da bere hamabosgarren edizioa.
Arte eszenikoen erakusleiho erraldoiaren nondik norakoak Miren Josune Ariztondo Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Diputatuak, Iban Rodriguez Leioako alkatea ordeak eta Ana Lopez Asensio Leioako Udaleko Kultura eta Gazteria Saileko Zuzendari eta Umore Azokako zuzendari artistikoak eman zituzten.

Buruturiko prentsaurrekoan, guztiek aipatu zuten arte eszenikoarekiko konpromisoa eta zein garrantzizkoa den nazioarteko hitzordu hau konpainia askorentzat. Iban Rodriguez Leioako alkatea ordeak, berriz, ekimenaren helburu nagusiak jorratu zituen: kaleko arteen industria sendotu; azoka didaktikoa eta komertziala izanik, bisitariak erakartzen saiatu; eta kaleko artistek egiten duten ekarpen itzela erakutsi.

Lau egunetan, Leioan hainbat konpainia, programatzaile eta banatzaile harremanetan jarriko dira eszenaren inguruan, eta negozio eraginkorrak burutzeaz aparte, nola ez, ikuskizunek hartuko dituzte kaleak.

Aurtengo edizioan,  43 konpainia, 45 ikuskizun eta 120 emanaldi antolatu dira. Horietatik 6 nazioartekoak dira, Argentina, Frantzia eta Holandatik datozenak, 24 estatukoak, Aragoi, Asturias, Gaztela eta Leon, Katalunia, Valentzia eta Murtziakoak, eta 13 euskal konpainiak. Azken horiek 8 estreinaldi izango dituzte: Borobil Teatroren Marierrauskin zu izan zaitezke; Ganso&Cíaren Walkman; Hortzmuga Teatroren Nola; Kolektibo Monstrenkoren Athra Sílex; Malas Compañías Circo Taldearen Txatarra; Shakti Olaizolaren .. irakurriz eta Trapu Zaharraren La conga.

Leioako kaleetan erakutsiko diren lanetan, diziplina anitzeko ikuskizunak izango dira, hala nola, antzerkia, dantza, performancea, clown, musika, zirkua, txotxongiloak, perkusioa edota kotortsionismoa.

Emanaldiez gain, Umore Azokak bestelako jarduerak antolatu ditu, eta guztien artean nabarmendu behar da ALBE-Algortako Bertsolaritza Eskolak Bertsoklown ikuskizuna aurkeztuko duela, eta Leioako Musika Bandak Kontzertu ibiltari dibertigarri bat eskainiko duela. Prestakuntzarako tailerrak, lehiaketak eta erakusketak ere ez dira faltako.

Programazioa izugarri potoloa denez gero, Umore Azokaren webgunean ikusi ahalko duzue noiz, zer eta non.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button