
Mikel Sotok Mirande: herriminez, ezin-minez lana plazaratu zuen joan den urtearen hondarretan. Lan hori idazle horri buruz egin den ikerketarik sakonena da.
Duen garrantziagatik Elkar argitaletxeak eta Deabruaren Eskolak hainbat astetan hitzaldi-ziklo bat antolatu dute lan hori lau haizetara zabaltzeko Euskal Herri osoan zehar.
Saio bakoitzean, Miranderen bizitzaren, pentsamenduaren eta literaturaren alderdi bat jorratuko dute hainbat hizlarik.
Apirilaren 16an abiatu zen zikloa Iruñeko Zaldiko Maldiko elkartean. Han, Mikel Soto eta Jon Alonso bildu ziren.
Aste honetan, maiatzaren 14an, Bergarako Olaso Dorrean izango da Euskera gabeko abertzaletasuna zorokeri utsa: Miranderen euskaltzaletasuna eta abertzaletasuna izeneko hitzaldia. Mikel Soto eta Irati Jimenez bilduko dira gai hori jorratzeko, 18:30etik aurrera. “Bergarako Olaso Dorrea Fundazioak gordeak zeuzkan 23 urteko Mirande gazteak Telesforo Monzon abertzale bergararrari idatzitako hainbat gutun, idazlearen orduko ideologiaren, asmoen eta lanen berri ematen digutenak.”
Datozen asteetan Lakuntzan eta Zuberoan ere egingo dira solasaldiak.



